Eneko Goiburu segurarrak irabazi du Aizkorri-Aratz parke naturaleko gazta lehiaketa
San Martin feria ospatzen ari dira Zegaman. Herriko ganaduaren erakusketa eta Aizkorri-Aratz parke naturaleko gazten lehiaketa izan dira goizeko ekitaldi nagusiak. Gazta lehiaketa Segurako Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburuk irabazi du. Bigarren saria Larreako (Araba) Patxi Lopez de Uraldek irabazi du (bere anaia Enekok jaso du saria) eta hirugarrena Olaberriko Aizpea gaztandegiak.
Herritarren arteko abere lehiaketa ere egin dute. Barrenaldeko Xabier Azurmendi (ardiak), Mazkiaran Goenako Iker Zubeldia (bildotsak eta mendi behorrak), Iturburu Barreneko Eneko Otegi (ahuntzak), Koako Ander Lasa (antxumeak), Hirutxetako Imanol Ruiz de Egino (Pirineika behiak), Aranetxeko Irantzu Urbizu (behi mestizoak), Uztarango Juan Azurmendi (behi suitzarrak), Ariztiberriko Ibai Aizpeolea (zaldiak) eta Ezpaleoko Joxe Mari Esnaola (etxe behorrak) saritu dituzte.
Gainera, Gazte Erexak opariak zozkatu ditu. Aitor Urbizu eta Ane Morillo izan dira irabazleak. Azken hau, baserritarrez jantzi direnen artean.
Horretaz gain, Aizkorri-Aratz parke naturaleko gazta eta artisauen produktuak erosteko aukera izan da. 60 postu izan dira. Bertaratuek Eusko labeldun Tolosako babarruna, lehiaketara aurkeztutako gaztak eta txakolina dastatu ahal izan zituzte, gainera.
17:30ean buruhandiak aterako dira eta 18:00etan herritarren arteko eskuz binakako 27. San Martin pilota txapelketako finalak jokatuko dira.













