Josetxo Zufiaurre etnografo beasaindarra hil da
Gaur (igandea) Josetxo Zufiaurre Goia etnografo beasaindarra hil da. Zufiaurre Etniker Gipuzkoa taldeko idazkaria eta Aranzadi Zientzia Elkarteko nahiz Eusko Ikaskuntzako kidea zen. Gorpua Beasaingo Goierri beilatokian egongo da gaur 16:00etatik 19:00etara eta bihar 10:00etatik 12:30era. Hileta elizkizuna bihar izango da, 19:00etan Beasaingo Andre Mari Zeruratuaren parroki elizan.
Zufiaurre 1935eko abuztuaren 23an jaio zen. Aitaren toponimia eta mendizaletasunaren eskutik hasi zen etnografia lanetan eta Jose Migel Barandiaranekin harreman sendoa izan zuen. Beasaingo ikastolaren sorreran parte hartu zuen. Beasaingo Paperak bildumako hamaika liburu idatzi zituen: kale izenei, musikari, urei, mugei, irakaskuntzari, lanbideei eta margolariei buruzkoak, besteak beste. Beasain Esku Eskuan bildumarako beste hiru liburu idatzi zituen.













