Nerea Elustondo finalaurrekoen bigarren itzulira sailkatu da: Bilbon abestuko du, abenduaren 5ean
Atzo (larunbata) Miarritzen egindako saioaren ostean, erabakita geratu da zeintzuk kantatuko duten Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen bigarren itzuliko hiru saioetan. Lehenengo itzuliko saio bakoitzeko lau irabazleak zuzenean pasatu dira hurrengo fasera. Irabazleez gain, puntu gehien batzea lortu duten hurrengo 14 bertsolariak ere igaro dira bigarren itzulila. 14 bertsolari horien artean Nerea Elustondo legazpiarra dago. Bera izango da goierritar bakarra.
Finalaurrekoen bigarren itzulian hiru saio egingo dira. Elustondok hirugarrenean abestuko du: abenduaren 5ean, 17:00etan, Bilbo Arena-Miribillan. Berarekin batera Alaia Martin, Amets Arzallus, Miren Artetxe, Oihana Iguaran eta Xabat Illarregi arituko dira. Sarrerak erosteko, sakatu hemen.
Lehen saioa datorren larunbatean izango da, Donostian. Agin Laburu, Aitor Mendiluze, Aner Peritz, Joanes Illarregi, Julio Soto eta Saioa Alkaizak abestuko dute. Bigarren saioa azaroaren 28an izango da, Gasteizen. Aitor Bizkarra, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Maddi Ane Txoperena, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colinak abestuko dute.
Finalaurreko guztiak amaitzean, bi itzulitako puntuazioak gehitu egingo dira eta finalaurrekoetatik puntuazio gehien lortu duten zazpi bertsolariak igaroko dira finalera. Elustondo 13. postuan dago, 696 punturekin. Zazpigarren postuan Mendiluze dago, 713 punturekin.













