CAFek 125 milioi euro inguruko akordioa adostu du Oslorako
2024ko maiatzean eskuratu zuen hasierako kontratu bat handitzeko eskaera da akordioa. Hiriburuko metro-sarerako beste 24 metro-unitate fabrikatzea aurreikusten du.
CAFek eta Sporveien Osloko (Norvegia) hiri-garraioaren operadore publikoak akordioa adostu dute hango hiri-garraiora bideratuko diren ibilgailuak hornitzeko. Gaur egun CAF jada garatzen ari den kontratu bat handitzeko eskaera da. Akordio berriak Norvegiako hiriburuko metro-sarerako beste 24 metro-unitate fabrikatzea aurreikusten du, 125 milioi euroko zenbatekoaren truke.
2024ko maiatzean eskuratu zuen hasierako kontratu hori CAFek, 20 metro-tren eta dagozkien ordezko piezen hornidura jasotzen zituena. Unitate kopurua beste 90 trenera arte handitzeko aukera ere jasotzen zuen kontratu hark.
Osloko metroa hiriko garraiobide nagusietako bat da. 85 kilometro baino gehiagoko ibilbidea du eta bost linea ditu egun, baina seigarren bat dago martxan, 2029/2030 ingururako irekitzea espero dutena. Sare horretarako, M4000 unitate berriak garatu ditu CAFek. Bi noranzkotako unitateak dira eta bakoitza hiru kotxekoa.
Enpresak nabarmendu du klima-baldintza gogorretan ibiltzeko diseinatuta daudela eta ibilgailu barruko bateriak izango dituztela elikadura linean akats bat gertatuz gero hurrengo geltokira iristeko aukera izan dezaten edo dagokionean katenaria erabili beharrik gabe operadorearen biltegian mugitzeko aukera izan dezaten. “Horrekin guztiarekin lotuta, lehentasun nagusia energia-kontsumo eraginkorra izatea da, ibilgailu jasangarria lortzeko”, esan du hedabideetara helarazitako oharrean. Etorkizunean ibilgailuak erabat automatizatzeko prestatuta egongo direla gehitu du, “GoA4 mailako gidatze autonomoa ezartzea erabakiko balitz”.
Azken kontratu horrez gain, beste hainbat kontratu lortu ditu CAFek Oslorako. Horien artean 183 autobus artikulaturen hornidura eta 87 tranbia fabrikatzeko kontratua nabarmendu ditu enpresak. Bi horiek jada entregatu ditu eta martxan daude unitateak.













