'Euskara larrialdi egoeran?' hitzaldia, asteazkenean, kontzientziak pizteko
Iazko larrialdi deialditik ia urtebete igaro denean, ekimen nazionaletan parte hartzeko deia egin du EHE-k, eta testuinguru horretan kokatu du Beasaingo hitzaldia. 18:30ean izango da, udaletxean.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia.Hitza Goierriko EHE Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak hitzaldia antolatu du asteazkenerako, azaroaren 18rako, Euskara larrialdi egoeran? izenburupean, mugimenduak azaldu duenez, kontzientziak pizteko asmoz. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia eta Intza Gurrutxaga EHE-ko kidea izango dira hizlariak. 18:30ean izango da, udaletxeko batzar aretoan. Goierriko euskaltzale eta antifaxista guztiak gonbidatu dituzte.
Euskarak bizi duen larrialdi egoeraren aurrean, euskaltzaleak batu eta indartzeko deia luzatu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak duela ia urtebete, abenduaren 28an. EHE-k helarazitako ohar batean azaldu duenez, ondoko hilabeteetan “hainbat herritar zein eragile euskaltzale euskararen pizkunde berri bat gauzatzeko indarrak biltzen” aritu dira, “sare euskaltzalea indartu asmoz Euskal Herri osoan”. Horren adibide dira, mugimenduaren esanetan, “eragile politiko nagusien agendan euskarak hartutako garrantzia”, hala nola “Iruñean Kontseiluak deitutako manifestazioaren arrakasta” edo “EHEk alde antolatutako ekintzak”.
Baina EHE-ren hitzetan “gero eta nabariagoa da gizarte arloan eskuraturiko aurrerapauso oro ezabatzera datorren oldarraldi erreakzionarioa”, eta horren aurrean “kontzientziak piztu eta antolatzeko hasteko garaia” dela aldarrikatu du. Iazko larrialdi deialditik ia urtebete igaro denean, ekimen nazionaletan parte hartzeko deia egin du, eta testuinguru horretan kokatu du Beasaingo hitzaldia.
Batetik, abenduaren 5ean 13:30ean Euskara, hizkuntza antifaxista lelopean egingo den Durangoko manifestazio nazionalerako deia egin du, “EHE, argiki, antifaxistekin lerrokatzen delako eta euskalgintzak antifaxista izan behar duela aldarrikatzeko”. Bestetik, Nafarroa garai eta beheko herrietako plazetan abenduaren 15ean egingo diren ekimenetarako deia luzatu du, “Nafarroa eremu ezberdinetan banatzen duen legea inposatu zutela 40 urte betetzen direlako”. Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluaren ekitaldi nazionala Iruñean abenduaren 19an izango dela gogora ekarri du.













