Ordiziako San Jose egoitzako langileek plantillaren murrizketa salatu dute
Egoera salatzeko eta ardurak hartzea eskatzeko mobilizatuko dira langileak asteazkenean, 18:00etan, udaletxetik hasita. Herritarrei zein eragileei parte-hartzeko deia egin die ELA sindikatuak.
Ostiralean egindako prentsaurrekoaren irudia. ELA sindikatua San Jose egoitzako langileek hamar hilabete daramatzate greba mugagabean, eta azken hilabeteetan izandako langile murrizketek egoiliarren arreta baldintzatu dutela salatu zuten joan den ostiralean Ordiziako Plaza Nagusian egin zuten prentsaurrekoan. Azken bi asteetan, hiru erorketa eta medikazioen banaketan akatsak izan direla adierazi zuten, eta aste honetan bertan egoiliar batekin izandako gertakari batean Ertzaintzak esku hartu behar izan duela azaldu. Egoera salatzeko mobilizazioa egingo dute asteazkenean, azaroaren 18an, 18:00etan, udaletxe aurretik hasita. Herriko eragileei zein herritarrei parte-hartzeko deia egin zieten.
ELA Sindikatuko ordezkarien arabera, egoitzak 55 egoiliar ditu eta egunean sei langile-laguntzaile gutxiagorekin ari dira lanean. Egoerak, haren esanetan, «lana presaka eta gaizki egitera» behartzen ditu langileak, eta zainketa edo gainbegiratze berezia behar duten egoiliarrak eguneko zenbait unetan behar adinako arretarik gabe geratzen direla azpimarratu du.
ELAren arabera, plantillaren murrizketa enpresa esleipendunak egindako hainbat erabakiaren ondorioa da: langileen kaleratzeak eta lanpostuen amortizazioak, baja eta oporraldien ordezkapenik eza eta bestelako gorabeherak ez ordezkatzea aipatu dituzte. Sindikatuak nabarmendu zuenez, gaur egun langileen %59k lanaldi partzialeko kontratua du, eta horietatik %30ek astean 14 ordu baino gutxiago egiten ditu.
Langileen murrizketak
San Jose egoitzaren zerbitzua Kabia Gipuzkoako Foru Aldundiaren organismoak kudeatzen du, eta zerbitzua enpresa pribatu bati esleitzen dio. ELAk salatu duenez, kontratua Florentino Pérez Real Madrileko presidentearen Zaintzen enpresari eman zitzaion, «eskaintzarik merkeena aurkeztu zuelako». Sindikatuaren arabera, enpresak hasieran kontratuak eskatzen zuen plantilla bere gain hartu bazuen ere, hilabete gutxira langile kopurua murrizten hasi zen.
ELAren ustez, egoerak lotura zuzena du azken hilabeteetako gertakariekin eta egoiliarren arretarekin. Horren harira, Foru Aldundiari eskatu dio zerbitzuaren kudeaketaren inguruan esku hartzeko eta «langileen eta egoiliarren ongizatea» lehenesteko. Sindikatuak Foru Aldundiaren ikuskaritzan salatu du egoera, eta auzitegietan ere helegitea jarri du, plantillan egindako murrizketak bertan behera uzteko. Halaber, murrizketek greba egiteko eskubidea urratu dutela ere salatu du.













