Beste herrialde batzuetatik etorritako familietako gazteei buruzko dokumentala emango dute Urretxun
Ostegunean, 18:00etan Labeaga aretoan, Etxekoak dokumentala emango dute eta ondoren protagonistekin solasaldia izango da. Ekitaldia Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak antolatu du. Goizean ekintza bera eskainiko zaie DBH3ko ikasleei.
Blanca Zaraguetak koordinatu eta Jon Santamariak zuzendutako dokumental horretan gazteria, migrazioa eta nortasuna jorratzen dira. Protagonistak beste herrialde batzuetatik etorritako familietako gazteak dira. Beraien testigantzetatik abiatuta, dokumentalak kultura aniztasunari, tradizioen arteko talkei, gainditzeko ahaleginari eta harrera lurrarekiko loturari buruzko erretratu intimoa egiten du.
Ekintza hori Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak azaroan antolatutako hirugarrena da. Urretxuko Udalak xenofobia eta arrazismoa mahai gainean jarri nahi ditu aurten. Etorkinen eta arrazializatuak diren pertsonen eta haien ingurukoen errealitateari, eskubideei, gaitasunei, beharrei eta diskriminazioari buruzko ezagutza eta hausnarketa sustatu nahi ditu.













