1.422 euro bildu ditu Beasainen Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak
Lortutako baliabideak ikerketa onkologikorako eta elkartearen doako zerbitzuak sustatzeko erabiliko dituzte.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen itsulapiko bat.Hitza Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak 1.422,73 euro bildu ditu joan den azaroaren 7an Beasainen egindako diru bilketan. Elkarteak eskerrak eman dizkie beasaindarrei eskuzabaltasunagatik. Diru bilketaren helburua, elkarteak azaldu duenez, “gizarte osoak minbizia duten pertsonei babesa ematea” da; “ikertzaile, osasun-langile, boluntario, psikologo eta gizarte-langileekin konpromisoa hartzea eta ikerketa onkologikorako dirua biltzen laguntzea”.
Hala, lortutako baliabideak ikerketa onkologikorako eta elkartearen doako zerbitzuak sustatzeko erabiliko dituzte. “Ikerketa onkologikoarekin lotutako proiektuen finantzazioa, paziente eta haien senideak artatzeko programa eta gaixotasunaren prebentziorako eta detekzio goiztiarreko kanpainen jarraipena bermatzen da, elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuen doakotasuna mantentzeko ere ezinbestekoa da eta, gainera, jardun horrek guztiak ahalbideratuko du elkarteak helburu duen minbiziaren %70eko biziraupena lortzen”.
Gelditzen zarenean, minbiziaren aurka mugitzen gara leloa du aurtengo kanpainak. Elkarteak azaldu duenez, keinu baten balioan jartzen du arreta, “elkartearen itsulapiko edo eskaera mahai baten aurrean gelditzean, keinu txikia dirudien arren, ikerketa bultzatzeko, arreta hobetzeko eta itxaropena sortzeko gai den mugimendu kolektibo bat aktibatzen” baitu.
Hainbat boluntariok parte hartu dute urteroko ekimen solidarioan, herrian banatuta zeuden mahaietan. Bilketaz gain, herritarren artean elkartearen presentzia handitzeko eta elkarteak egunetik egunera pazienteen eta haien senideen onurarako egindako lana ezagutarazteko aukera ematen du ekimenak. “Hortaz, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan-etik boluntario guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu ekimen honetan eta beste batzuetan parte hartuz elkartea bultzatzen egiten duten lanagatik”.













