Aste hasiera gozoa, Altamiran
Lehen taldeak eta Jubenilen Ohorezko Mailako taldeak garaipen garrantzitsu bana lortu zuten pasa den jardunaldian.
Ordiziako lehen taldea. Ordizia KE Denboraldi hasiera konplikatu baten ostean, biharamun gozoa utzi zuen pasa den futbol jardunaldiak Ordizian. Lehen taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen, eta Jubenilen Ohorezko Mailako taldeak bigarrena. Puntuak poltsikoratuta, asteburu honetarako partidei begira jarriak dira dagoeneko: lehen taldeak larunbatean arratsaldeko 16:30ean jokatuko du Bergaran, Agorrosin futbol zelaian, eta jubenilek, berriz, egun berean Alegiako Elorri futbol zelaian Intxurreren aurka, 15:30ean.
Azken postua utzita
Lehen taldeak Amaikak Bat hartu zuen Altamiran. Aurkariak zazpi puntu zituen, eta etxeko taldeak, hiru. Sendo zelairatu zen Iker Moureren taldea, eta hasieratik aurrea hartu bazuen ere, estu-larriak ere igaro zituen partidan zehar. Azkenerako, 5-3 gailendu zen talde ordiziarra.
Garaipen horrekin azken postua utzi du Ordiziak, eta aste honetan Bergaran garaipena lortuz gero, sailkapeneko erdialdera gerturatuko litzatekeela azaldu du entrenatzaileak. «Bergara etxean talde oso ona da, eta dinamika on batean dago. Baina ez dizkiegu gauzak errez jarriko. Taldea geroz eta erosoago dago, eta maila berriari neurria hartzen doa pixkanaka».
Jubenilak, liderraren aurka
Bigarren taldeak, berriz, erronka handia izango duela azaldu du Enrique Martin entrenatzaileak: Intxurre izango du aurrean, sailkapeneko liderra. «Partida zaila izango da, bai aurkariaren mailagatik, baita euren zelaiaren ezaugarriengatik ere. Lehen itzulian, gainera, 3-0eko emaitzarekin garaitu gintuzten. Talde oso gogorra da, defentsan sendoa eta gol gutxi jasotzen dituena», dio.
Ordizian partida hauek jokatuko dira: Jubenilen 1. Mailan, Ordizia-Lazkao (larunbata, 18:00); Kadeteen Ohorezko Mailan, Ordizia-Billabona (igandea, 11:45); Kadete 1. Mailan, Ordizia C-Urola C (larunbata, 10:45); Infantil Handin, Ordizia-Danena (larunbata, 12:45); Infantil Txikin, Ordizia-Billabona (larunbata, 16:00); eta Infantilen 1. Mailan, Ordizia-Beasain (larunbata, 09:00).













