Azaroaren 25ean jokatuko da Ordizian Euskal Herriko II. eta Gipuzkoako 27. Odolki lehiaketa
Epaimahaia osatzeko herritar bat aukeratuko da, zozketaz. Parte-hartzeko WhatsApp mezua bidali beharko da 688 752 647 zenbakira, azaroaren 23a baino lehen.
Mujika harategiko Javier Mujika Lasa txapelarekin.Loinaz Agirre Azaroaren 25ean jokatuko da Ordizian Euskal Herriko II. eta Gipuzkoako 27. Odolki lehiaketa. Beste behin ere, feria eguna baliatuta, Plaza Nagusia izango dute topaleku, goizeko 10:00etan hasita. Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak Ordiziako Udalarekin batera antolatutako ekimena da.
Euskal Herriko txapelketako irabazleak txapela, garaikurra eta diploma jasoko ditu, eta bigarren eta hirugarren tokian sailkatzen direnei diploma eta garaikurra bana emango zaie; laugarren eta bosgarren sailaktuei, berriz, diploma. Horrez gain, Euskal Herriko II. Odolki lehiaketako lehen gipuzkoarrak Gipuzkoako 27. lehiaketako saria izango du, txapela, garaikur eta diplomarekin.
Epaimahaia osatzeko, zozketa
Odolki onena zein den erabakiko duen epaimahaia ondorengo gastronomia-aditu eta bestelako arlo batzuetako adituek osatuko dute: Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia), Arantxa Arrizabalaga (Kattalin Erretegia, Beasain) eta Jakitea elkarteko zein Mahaia kolektiboko sukaldariak; Juanma Garmendia FECOGA kofradia gastronomikoen federazioko lehendakaria; Tere Madinabeitia (Goierriko Hitza) eta Eli Belauntzaran (El Diario Vasco) kazetariak; eta Antxon Corral CEBANC ostalaritza eskolako hezkuntza zuzendariak.
Horiek ez ezik, Ordiziako herritar batek ere izango du epaimahaia osatzeko aukera. Zozketa bidez erabakiko dela iragarri du Udalak, eta zentzu horretan, epaimahaikide izan nahi duen herritarrak WhatsApp bidez mezu bat bidali beharko du bere izen-abizenak azalduz 688 752 647 zenbakira. Izena emateko epea azaroaren 23an amaituko da, astelehenarekin batera, 12:00etan.
Odolkiaren sustatzea
Lehiaketa honen bitartez, beste behin ere, odolkiaren kontsumoa bultzatu eta zabaldu nahi dutela azaldu du Udalak: “Kontsumitzaileari aukeran zer nolako produktua duen erreferentzia argi bat eman nahi zaio, baita euskal odolkiaren kalitatea zein den jakiteko parametro zehatzak eskaini ere”.
Sustapen horretan, hala, lehiaketa martxan den bitartean, Ordiziako Jakintza ikastolako ikasleek odolki pintxoak salduko dituzte plazan bertan, eta lortutako diru sarrerak ikasleek aukeratuko duten helburu batera bideratuko dituzte.













