Bloke erreakzionarioa gelditu eta eskubideetan sakontzeko momentua dela aldarrikatu du EH Bilduk Beasainen
Beasaingo Gernika pasealekuko frontoian hitzaldia egin dute Oihana Etxebarrieta Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak eta Olaia Duarte Senaturako Gipuzkoako hirugarren hautagaiak.
Oihana Etxebarrieta eta Olaia Duarte erdian, atzo, eskualdeko alkate eta ordezkariak ondoan dituztela, Beasaingo Gernika pasealekuko frontoian.Laida Goiburu Azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpaina hasi da, eta hasi dira horrekin batera ekitaldi politikoak ere. Goierri mailako lehena atzo iluntzean izan da, EH Bildurena. Beasaingo Gernika pasealekuko frontoian hitzaldia egin dute Oihana Etxebarrieta Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak eta Olaia Duarte Senaturako Gipuzkoako hirugarren hautagaiak, eskualdeko hainbat udalerritako EH Bilduko alkate, alkategai zein ordezkariz inguratuta. Bloke erreakzionarioa gelditzeko eta eskubideetan sakontzeko momentua dela adierazi dute. Ekidistantzia alboratu eta lerratzeko unea dela aldarrikatu du koalizioak.
Olaia Duarte beasaindarrak hartu du hitza aurrena. Larunbatean Bilboko kaleak bete zituen manifestazioaren “energiaz eta indarrez” jarraitzen dute herriz herri ekitaldi politikoak egiteko, baina Beasaingo zita “bereziagoa” izan da Duarterentzat, jaioterrian izan delako. Haren aiton-amonak ekarri ditu gogora, Extremaduratik etorri zirenak 1950eko hamarkadaren amaieran: “Haien jaioterria utzi zuten, frankismoak emozionalki eta sozialki txikituta, familiartekoen galerarekin, sare politiko eta sindikalen hausturarekin, erreferente komunitarioen desagerpenarekin eta aukera gutxi ematen zituen landa ekonomia batekin”. Gaur egungo migrazio prozesuek garai hartakoekin ezaugarri asko partekatzen dituzte hautagaiaren esanetan: “Goierrin aurkitu zituzten lan baldintza hobeak, sare komunitario sozial eta sindikala, eta gure kultura eta euskara bere egiteko aukera frankismoaren debekuen aurrean”.

Olaia Duarte eta Oihana Etxebarrieta, atzoko ekitaldian.Laida Goiburu
Gaur egun langile klasearen eskubideak ukatzen dituztenak eta 1950 eta 1960. hamarkadetan ukatu zituztenak berdina direla aldarrikatu du: “Langile klasearen greba eskubidea ukatzen zuten korronteak, sindikatu independenteak debekatzen zituzten korronteak, emakumeen lana ikusezin egin eta haien eskubideak etengabe ukatzen zituztenak eta euskaraz sentitu eta bizitzeko eskubidea ukatzen zuten korronte haiek berdinak dira; etxebizitza eskubidearen aldeko greba legaltasunetik kanpo dagoela esaten dutenak, abortatzeko eskubidea berriro mugatu nahi digutenak, berdintasun ministerioa eta LGTBIQ+ kolektiboari zuzendutako politikak kenduko dituztela dagoeneko esan dutenak, berdinak dira; gure administrazioetan euskaraz lanean aritzeko eskubidea judizializatzen duten ideologia eta mugimenduak, berdinak dira”.

Olaia Duarte, atzo, Beasainen.Laida Goiburu
Horren aurrean, gizartea “inboluziora, krisira eta eskubide sozial eta politikoen ukapenera” eraman nahi dutenen aurrean, ziurtatu du Euskal Herriak “egoerak eskatzen duen mailako erantzuna” emango duela. Eta bide horretan, eskubideen ukapena galarazteko bidean, kokatu du azaroaren 29ko hitzordua: “EH Bildu bozkatzeak ez konformatzea esan nahi du. Inkonformistak baikara. Gehiago egin eta urrutirago joateko anbizioa dugu”.
“EH Bildu bozkatzeak ez konformatzea esan nahi du. Inkonformistak baikara. Gehiago egin eta urrutirago joateko anbizioa dugu”
Olaia Duarte. Senaturako Gipuzkoako hautagaia
Madrilera 200 proposamenetik gora eramango dituztela esan du, tartean, etxebizitzari lotutakoak. Bloke erreakzionarioari aurre egiteko formulatzat jo du etxebizitza eskubidea bermatzea eta bizitza duinak posible egitea, eta atzo bertan zabaldutako datu bat eman du: historian lehen aldiz Gipuzkoako etxebizitzen metro koadroak 4.000 euroko langa pasa duela. Horrela, EH Bildu bozkatzeak “balio bikoitza” duela aldarrikatu du: “Etxebizitza eskubidea defendatuko dugu eta, modu berean, bloke erreakzionarioa ordezkaritzarik gabe utzi. Horretarako bermea ere bagara eta zuetako bakoitzaren botoarekin posible egingo dugu”.
Lanean jarraitzeko deia egin du bere hitzaldia amaitzeko: “Herritarrekin konpromisoan, militantziarekin eguneroko lanean, tinko, alai eta goxo, azaroaren 29an gure onena ematen jarraitzeko eta eskuinari sekulako lezio demokratiko bat emateko”.
Boto masiborako deia
Oihana Etxebarrieta Kongresurako Gipuzkoako zerrendabururen txanda izan da ondoren. EH Bilduk sortzen duen “babes eta konplizitate sarea” goraipatu du lehenik: “Pribilegioa da zuekin herriz herri aritzea, elkar ezagutuz, elkarrekin amesten jarraitzeko, eta batzuetan hain arrotz egiten zaizkigun instituzio horietan aliantzak eta laguntasuna sortzea, hori ere bada EH Bildu”. Bloke erreakzionarioa maila globalean indartzen ari denean eta “Frantziako zein espainiar estatuko eskuin muturrak gobernatzeko aukera errealak” dituztenean, “herri antolakuntza eta mobilizazioak” aldarrikatu ditu. “Aurrera begira jartzen den herri bat, aktibatzen dena, eskubide gehiago aldarrikatzen dituena, elkartasun gehiago praktikatzen duena, aberastasunaren banaketa gehiago exijitzen duena, hori da EH Bildu”.

Oihana Etxebarrieta, atzo, Beasainen.Laida Goiburu
Eskuin muturrak jendea zatitzeko gorrotoa eta beldurra erabiltzen dituela gaitzetsi du, baina, era berean, beldur eta ziurgabetasun hori “benetakoa izan daitekeela” irizten dutenez, “herritarren ezinegon horri begietara begiratzea” dagokiela azaldu du: “Beldur horiek elikatu gabe baina horien atzean dauden arrazoi politikoak kokatzea eta horiei konponbideak eskaintzea dagokigu”. Eskubideak, askatasuna eta demokraziaren etorkizuna “jokoan daudenean”, lerratzera deitu ditu hautesleak: “Guk argi daukagu, une historiko honetan ez dagoela ekidistantziarako lekurik, historiaren zein aldetan lerratzen gauden erabakitzeko eta adierazteko unea da, lerratzeko momentua da hau, eta EH Bildun argi daukagu non gauden”.
“Beldur horiek elikatu gabe baina horien atzean dauden arrazoi politikoak kokatzea eta horiei konponbideak eskaintzea dagokigu”
Oihana Etxebarrieta. Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua
PPren eta VOXen balizko akordioak jarri ditu jomugan, haien proiektuaren “ahulezia” aipatuta: “Izan ere, bere proiektu bakarra gure nazio izaera ukatzea, tristura, motozerra, iraina eta gezurra dira. Horregatik da gutxiengoa herri honetan bloke erreakzionarioa”. Bloke horri aurre egiteko bozka da hautagaiaren esanetan EH Bilduri emandakoa: “Boto masiboarekin eta irribarre handi batekin irabazi egingo diegu. Irabaziko diegu. EH Bildu zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta ahulagoa izango baita bloke erreakzionarioa”.













