Gizarte-inklusioa, euskara eta tokiko merkataritza indartzeko laguntzak onartu ditu udalbatzak
Egoera ekonomiko ahulean dauden familien 2 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeek kultura, kirol eta aisialdi jardueretan parte hartzea sustatzeko 15.000 euroko kreditua bideratuko du udalak, eta 60.000 euro 2026-2027 ikasturtean ikastetxeek eta guraso-elkarteek hezkuntzako jarduera osagarriak antola ditzaten.
Beasaingo udalbatzaren urriko osoko bilkura.Beasaingo Udala Gizarte-inklusioa, euskara eta tokiko merkataritza indartzeko hainbat diru laguntza lerroren oinarri arautzaileak onartu ditu udalbatzak azaroko osoko bilkuran, eta Tokiko Gobernu Batzordeak bi egitasmori bide eman die: Antzizar Kiroldegiko muskulazio-gimnasioa klimatizatzeko proiektuari eta STEAM esperimentazio gunea dinamizatzeko zerbitzuaren kontratazioari. Osoko bilkuran zein gobernu batzordean, aho batez onartu dira jorratutako gaiak.
Udalak azaldu duenez, osoko bilkuran onartutako proposamenen artean “lehentasun berezia” izan du egoera ekonomiko ahulean dauden familien 2 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeek kultura, kirol eta aisialdi jardueretan parte hartzea sustatzeko diru laguntza lerroak. 15.000 euroko kreditua bideratuko du udalak helburu horretara martxan dagoen ikasturtean. Diru sarreren arabera, gastuaren %100, %75 edo %50 estaliko da. Irabazi asmorik gabeko elkarteek euskaraz antolatutako ekintzetan, gutxienez %75eko asistentzia egiaztatu beharko da horretarako.
Euskara ikasteko diru laguntzen oinarriak ere onartu ditu udalbatzak osoko bilkuran hasita dagoen ikasturterako: 37.000 euroko hasierako aurrekontuarekin, eskarien arabera handitzeko aukerarekin. HABEk homologatutako euskaltegietan matrikulatzen diren 16 urtetik gorako beasaindarrek A1etik C1era bitarteko mailetan matrikularen %100 berreskuratu ahal izango dute, eta C2 mailan %50. Langabetuek eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak edo Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenek %100eko laguntza izango dute, betiere gutxieneko asistentzia-baldintzak –%85 oro har eta %90 langabetuen kasuan– betetzen badituzte.
2027ko azokako bonuak
Astearteroko azokarakoz zein hileko lehen larunbateko azoka berezirako, 2027ko azokako bonuen oinarriak onartu dituzte. 10.000 euroko partida bideratuko du udalak hurbileko produktuen zuzeneko kontsumoa sustatzeko. Herritarrek 20 euroko balioa izango duten bonuak (5 euroko txarteletan zatituta) 10 euroan eskuratu ahal izango dituzte.
Hezkuntzari lotuta, udalak 60.000 euroko partida bideratuko du 2026-2027 ikasturtean ikastetxeek eta guraso-elkarteek hezkuntzako jarduera osagarriak antola ditzaten. Eskola-orduetan, eskolaz kanpo zein oporraldietan egindako ekintzak lagunduko dira diruz, 2026ko irailaren 1etik 2027ko uztailaren 31ra bitartekoak.
Horiez gain, Gipuzkoako Taxisten Elkarteak eskatuta, Goierriko erregimen bereziko eremuan aplikatuko diren 2027ko tarifak %4,5 igotzea onartu da.
Klimatizazio sareko lehen urratsa
Tokiko Gobernu Batzordeari dagokionez, batetik, Antzizar Kiroldegiko gimnasioa klimatizatzeko proiektuan lehen solairuko 506,6 metro koadroko muskulazio gelako klimatizazio sistema osoa berritzeko gauzatze proiektua landu da, 193.670,87 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. Hozgarri naturaleko aire-ur bero-ponpa eta bero-berreskuragailua duen aireztatze-sistema instalatuko dira estalkian. Helburua hurrengo udarako martxan egotea da. Udalak azaldu du esku-hartze hori kiroldegiko gainerako eremuen etorkizuneko klimatizazio sare nagusiaren lehen urratsa izango dela.
Gazteentzako STEAM esperimentazio eta ikerketa-gunea, bestetik, 10 eta 16 urte bitarteko gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika sustatzeko gunea genero-ikuspegitik dinamizatzeko kontratazioari hasiera eman zaio. Zerbitzuak esperimentazio talde egonkorrak, hamabi tailer tematiko eta herritarrei irekitako ekitaldi komunitarioak bilduko ditu, eta 2027ko urtarrilaren 1ean jarriko da martxan, bi urte eta erdiko iraupenarekin, urtebetez luzatzeko aukerarekin. Prezioa, BEZa barne, 55.511 eurokoa izango da urteko.













