Itsasondoko kantu afarirako tiketak eskuratu daitezke dagoeneko
Langileek 25 euroan eta ikasle zein langabeek 18 euroan eskura ditzakete Ibalur dendan edota Kaxintanen, azaroaren 24a baino lehen.
Azaroaren 27an, ostiralarekin batera, 21:00etan hasita, kantu afari berezia egingo dute itsasondoarrek Arbel-Aitz elkartean. Ez da nolanahiko kantu afaria izango, Kuxkuxtu txarangarekin batera egingo dutelako.
Bertaratu nahi dutenek, ordea, aurrez tiketa eskuratu beharko dute: langileek 25 euroan eta ikasle zein langabetuek 18 euroan eskuratu ditzakete dagoeneko Ibalur dendan eta Kaxintanen. Azaroaren 24a izango da tiketak eskuratzeko azken eguna.
Menu arrunta -Tripotxak piperrekin, barazki menestra, txekor saiheskia eta gazta, menbriloa eta intxaurrak- edota beganoa -barazki menestra, haragi bola beganoak eta fruta- eskatzeko aukera izango dela ere aurreratu dute antolatzaileek. Edaria, kafea eta osteko tragoa ere prezioaren barruan sartzen dira. Gainerakoan, animatzeko deia egin diete herritarrei.













