Merkataritza sustatzeko bonu kanpaina, martxan
Azaroaren 25ean jarriko dituzte bonuak salgai udalatxean. Azaroren 26tik aurrera izango dira erabilgarri. Izalbizia merkatari elkartzeko 10 establezimenduk egin dute bat ekimenarekin.
Idiazabalgo Udalak hirugarrenez antolatu du herriko merkataritza eta zerbitzuak sustatzeko bonu kanpaina. Astelehen arratsaldean aurtengo kanpainaren xehetasunak aletu zituen Jone Ormazabal Herri Garapenerako zinegotziak, herriko hainbat merkatarirekin batera. Ormazabalen hitzetan, «herriko establezimenduetan salerosketak piztea, herriko ekonomia bultzatzea eta bertako kontsumoa indartzea» dira kanpainaren helburu nagusiak.
Azaroaren 25ean, 16:00etatik aurrera jarriko dituzte bonuak salgai udaletxean; 500 guztira; eta 20 euro ordainduta 40 euroko balioa duen erosketa egin ahal izango da. Bonuak azaroaren 26tik urtarrilaren 5era arte erabili ahal izango dira.
Izalbiziarekin elkarlanean
Bonuak, beti bezala, bost euroko 8 txarteletan frakzionatuta banatuko dira. Herritar bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez eta NAN txartela aurkeztu beharko da erosketa egiterako orduan. Ezin da beste norbaiten izenean bonurik erosi, ezta haren nortasun agiria erakutsita ere.
Izalbizia merkatari elkarteak ere ba egin du, noski, ekimenarekin eta heriko 10 komertziok —dendak eta tabernak— parte hartuko dute kanpainan: Arantxa mertzeria, Aurora farmazia, Axari janari denda, Axari bizartegia, Guzta okindegia, Izpar gozoki denda, Klik estankoa, Mariaje okindegia, Perico arraindegia eta Pilarrenea jatetxea. Hauen arabera, «merkatarientzat garrantzitsua da horrelako kanpainak martxan jartzea, jendea herrian erostera animatzen duelako».













