'Sukaldean behin' tailerra, bihar Ordiziako Azokan
Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak bi ordutan, aste osorako janaria nola prestatu erakutsiko dute. Azokan izango da saioa, 11:00etan hasita. Ez da izena eman behar.
Azokatik mahaira programaren barruan Ordiziako ferian Aitziber Aizpuru nutrizionistak eta Anne Otegi sukaldariak egindako saio bat.Loinaz Agirre Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Fundazioaren ekimenez, eta Gipuzkoako Azoken Sareko lan taldearen parte den Ordiziako Udalaren laguntzarekin, Azokatik Mahaira: Sukaldean behin nutrizio eta sukaldaritza tailerra antolatu dute biharko.
Azoka eguna izango dela baliatuz, Ordiziako Plaza Nagusian elkartuko dira 11:00etan, eta bi ordutan, aste osorako janaria nola prestatu erakutsiko dute saioa gidatzeaz arduratuko diren Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak. Herritarrei, hala, elikadura modu erraz, osasungarri eta iraunkorrean antolatzeko tresnak eskaintzea izango du helburu.
Saio honetan parte hartzen dutenek sukaldean denbora optimizatzen ikasiko dute, aldi berean dieta orekatu eta osasungarria bermatuz. Horretarako, bertako eta garaiko produktuak erabiliko dituzte, tokiko ekoizleen lana balioan jarriz eta kontsumo arduratsua sustatuz. Aholku praktikoak ere jasoko dituzte adituen aldetik, eta egunerokoan aplikatzeko moduko errezetak ikasiko dituzte.
Parte hartzeko ez da izena eman beharrik izango, bertaratu besterik ez da egin behar. Amaiera, prestatutako platerak dastatzeko aukera egongo da, eta egingo diren errezetak eta nutrizio aholkuak ere banatuko dira.













