Ekitaldirik herrikoiena Loinatz Abesbatzaren 40. urteurrena ospatzeko
Loinatz Abesbatzaren ibilbidean bidelagun izandako pertsona eta eragile askoren parte hartzearekin itxiko dute urteurreneko ospakizunen zikloa, larunbatean. Gonbidapen guztiak agortu dira.
Loinatz Abesbatza.Iñaki Erauskin Urretabizkaia Loinatz Abesbatza 40. urteurrena ospatzeko ekitaldietan murgilduta ibili da azken urtean, eta larunbatean ospakizunen ardatz izan diren hiru ekitaldietatik azkena eta herrikoiena egingo du beste hainbat musika eta kultura eragilerekin batera: 40. urteurreneko ospakizun kontzertua, 19:00etan, La Salle ikastetxeko patioan. Gonbidapen guztiak agortu dira.
Aurrez, maiatzaren 9an Lau hamarkada Loinatz kantuz diskoa aurkezteko kontzertua egin zuten, eta ekainaren 27an, berriz, kontzertu sinfoniko-korala eskaini zuten. Azken 40 urteotan Loinatz Abesbatzaren ibilbidean bidelagun izandako pertsona eta eragile askoren parte hartzearekin itxiko dute urteurreneko ospakizunen zikloa larunbatean, herritarrekin partekatuz.
Abesbatzak azaldu duenez, emanaldi «bereziki hunkigarria eta adierazgarria» izango da, «Loinatz abesbatzaren historian eta garapenean garrantzia izan duten hainbat taldek eta lagunek parte hartuko baitute». Narama Abesbatzak –Aitor Garitanoren zuzendaritzapean–, Goizeresi Txistulari Taldeak –Aitor Alvarezen zuzendaritzapean–, Beasaingo Musika Eskolako Harizko Orkestrak –Xabier Zeberioren zuzendaritzapean–, Aurtzaka Dantza Taldeak –Mikel Sarriegiren zuzendaritzapean– eta abesbatzaren parte izan diren hainbat korukide ohik parte hartuko dute.
Kide ohien erantzuna
Obra berri bat estreinatuko dute emanaldian: Haltzak badu bai. Xabier Sarasola abesbatzako zuzendari ohiak konposatu du eta Mikel Sarriegik hitzak jarri dizkio. Horrez gain, Loinatz eta Naramakek Bizirik gaudelako eta Mundua biltzen duen oihartzuna eskainiko dute elkarrekin, Harizko Orkestrarekin Kyrie eta Agnus Dei egingo ditu Loinatzek, eta Goizeresik Gabiltza kalez kale eta Euskal jokoak obretan parte hartuko du. Kantuz obran abestuko dute egungo kideek zein kide ohiek, eta, amaiera emateko, Baga, biga, higa abestiarekin itxiko dute kontzertua.
Belen Callejo Loinatz Abesbatzako lehendakariak azaldu du koruko kide izandakoak gonbidatu zituztela eta «erantzun oso ona» izan duela deialdiak. Bi abestitan parte hartuko dute, 72 pertsona izateraino; egun 37 lagunek osatzen dute abesbatza, eta 35 kide ohi batuko zaizkie.
40 urteotan beste talde eta eragile horiekin partekatu dituzte ibilbideko zenbait une Loinatz Abesbatzako kideek. Ibilbidean jorratutako abestiak berrinterpretatuta eramango dituzte larunbateko kontzertura, belaunaldi askotako eragileak batuta. Lehendakariak ziurtatu du «oso ederra» izango dela, eta nabarmendu du 150 boluntariok parte hartuko dutela, «oso garrantzitsua» dena Beasaingo kulturarentzat eta herrigintzarentzat.
Sabadellera bidaia
Loinatz Abesbatzaren hitzetan, «emozioen eta oroitzapenen bidez belaunaldi desberdinak elkartuko dituen jai giroko arratsalde bat» izango da La Sallen. Lau hamarkada Loinatz kantuz urteurreneko ospakizunetako hiru ardatz nagusiak ospatuta ere, ez dute etenik izango. Hurrengo asteburuan Sabadellera joango dira Loinatz Abesbatzako kideak, azaroaren 28an Coral Belles Arts de Sabadell abesbatzarekin Cançons d’aquí i d’allà kontzertua eskainiko baitute.













