Goiekiren Ekimen Berrien sari nagusia, Itegan proiektuarentzat
Aitor Garmendia ekintzaileak garaturiko proiektuak 6.000 euroko saria jaso du. Berrikuntzaren saria, berriz, Fundiciones de Estanda enpresarentzat izan da, eta Gizarte inklusioaren saria, azkenik, Benda Aquino Nails zentroak irabazi du. Goiekin egin dute sari banaketa.
Saridunak eta sari-emaileak, gaur goizean egindako sari banaketan. Izaro Villarreal Goieki Garapen Agentziaren 29. Ekimen Berrien sariketako sari banaketa ekitaldia egin da gaur goizean Goiekiren Ordiziako egoitzan, eskualdeko enpresa, erakunde eta eragile desberdinetako ordezkariz betetako aretoan.
Goiekiren Ekintzailetza Saileko Maialen Sanchez izan da hitza hartzen aurrena. Lehiaketaren 29. ediziora iritsita, ekimenak berak bizi izan dituen aldaketak ekarri ditu gogora: «Garaiak aldatzen joan diren bezala, lehiaketa hau ere egokitzen joan gara, bai ekonomiaren gora beheretara, enpresen errealitatera zein krisi garaietara». Hala ere, ekimenaren helburua 1997. urtetik egiten den bezala, eskualdeko enpresak dituzten erronken inguruan hausnartzeko espazioa eskaintzea dela ohartarazi du, ideia eta talentu berriak ezagutu asmoz.
Ekintzailetzaren balioa ere azpimarratu nahi izan du, eta baita ekintzaileek egin behar izaten dituzten ahalegina eta esfortzua: «Gaurko egunez ekintzailetza bat enpresa bat sortzea baino gehiago da; enpresa bat sortzea prozesurik errazena izan liteke, helburua, ordea, enpresa hori lehiakorra izatea da, eta denboran irautea». Eta hori lortzeko beharrezko ezaugarriak direnak ere balioan jarri ditu: estrategia, lidergoa eta zailtasunei aurre egiteko gaitasuna.
Goiekiren presidentea den Adur Ezenarro Ordiziako alkateak ere izan du hitz egiteko tarterik, eta ohiko moduan, azken urteko zenbait datu esanguratsu eman ditu. Adierazitakoaren arabera, ekimen berriak sortzeko 99 kontsulta eta 40 bideragarritasun plan egin dira aurten Goiekiren Ekintzailetza Sailean, eta hortik 23 enpresa berri sortu dira -iaz baino 12 gehiago-. Bidelaguntza horien %54a emakumeei esleitu zaie, eta denera, 861.000 euroko inbertsioa egin eta 41 lanpostu sortu dira.
Hamaika proiektu, hiru kategoriatan
Behin datu horiek guztiak jendarteratuta, sari banaketari ekin diote. Denera, hamaika proiektu aurkeztu dituzte aurtengoan, hiru kategoriatan banatuta.
Aitor Garmendia ekintzaileak garaturiko Itegan proiektuak jaso du Enpresa Ekimen Berrien sari nagusia, 6.000 euroko diru-sariarekin. Hainbat enpresa industrialetan aritu ondoren, sektorean atzemandako behar bati erantzuteko sortu du proiektua. Haren esanetan, enpresetan «jakituria handia» dago, baina informazioa sakabanatuta egon ohi da, plataforma eta pertsona askoren mende. Egoera horri eta adimen artifizialaren etorrerari erantzuteko ondu du proiektua: «Euskal Herriko enpresa industrialarentzat software-a neurrira egiten dugu, eta jakinduria zein sistema ezberdinak elkarrekin lotu eta inteligentzia artifiziala integratzeko proiektuak ekiten ditugu».

Enpresan buruturiko proiektu berritzailerik onenaren saria, berriz, Fundiciones del Estandak jaso du. Ainhoa Aspiazu eta Ion Loiartek jaso dute aitortza enpresaren izenean, eta 2.000 euroko saria jaso dute. Metalaren sektorean diharduen enpresak robot automatiko bat ezarri du ekoizpen-prozesuan, piezetatik metal-bizarrak eta soberakinak kentzeko lan neketsua automatizatuz. Loiarteren arabera, automatizazioa «etorkizuna» da, eta ezinbestekoa izango da sektorearen lehiakortasunari eta etorkizunari eusteko.

Azkenik, Ekintzailetzaren bitartez gizarte-inklusio proiekturik onenaren saria Brenda Aquino Nails negozioarentzat izan da, 2.000 euroko diru-sariarekin. 2021ean ekin zion ibilbideari, amatasuna eta lan-bizitza uztartzeko asmoz. Gaur egun, Lazkaon negozio finkatua du, eta Goierriko emakumeei manikura-zerbitzu espezializatua eskaintzen die. Jasotako dirua negozioan berrinbertituko du, prestakuntza eta ekipamendua eguneratu eta teknologia berriak txertatzen jarraitzeko.














