ORKLI. Mende erdiko ibilbidean, erreferente
Orkliko presidente Asier Lekuonak kooperatibaren lehiakortasunaren gakoak eta etorkizuneko erronkak azaldu ditu Ekimen Berrien Sariketaren baitan.
Ekintzailez zein babeslez bete da Goiekiko auditorioa. Izaro Villarreal Goieki Garapen Agentziaren 29. Ekimen Berrien Sariketako sari banaketa ekitaldiaren barruan, ohikoa izaten da eskualdeko enpresaren bati bere ibilbideaz, erronkez eta estrategiez hausnartzeko tartea eskaintzea. Aurtengoan, Orkli gizarte-kooperatibako presidente Asier Lekuonaren txanda izan da. Bost hamarkada baino gehiagoko ibilbidea duen enpresaren esperientziatik abiatuta, Orkliren lehiakortasunaren gakoak eta etorkizuneko erronkak izan ditu hizpide.
Gaur egun, Orkli enpresa lehiakorra da eta Goierrin alor ugaritan erreferentea. Lekuonaren arabera, espezializazioa, automatizazioa eta nazioartekotzea izan dira horretarako gako nagusiak. 1974an sortu zen Goierrin, emakumeentzako lanpostuak sortzeko helburuarekin, eta mende erdi geroago, hiru kontinenteetan ditu ekoizpen-plantak eta bost kontinenteetan bezeroak eta presentzia. Elkarlanaren garrantzia ere azpimarratu du Lekuonak, Mondragon Korporazioaren barruko kooperatiba izateak hori ahalbidetzen duela nabarmenduz: «Amankomunean egiten dugu lan, erronkei nola erantzun pentsatzen, eta balioan jarri nahi nuke elkarlan-sare hori, talde-lana, alegia».
Etxetresna elektrikoetarako osagaien sektorean dihardu Orklik, eta Lekuonaren hitzetan, «erabat» aldatzen ari den esparrua da. Horren aurrean, garaian garaiko aldaketetara egokitzeko beharra nabarmendu du: «Klabe konpetitibo berriak aurkitu eta beste batzuk mantentzea beharrezkoa da, klabe horietako asko agortzen ari direlako».
Bi erronka eta hiru eremu
Hala ere, Orklik bere ibilbidean gainditutakoak ere gogora ekarri nahi izan ditu Lekuonak: “Erronka potoloen parean aurkitzen da gaur egun Orkli, baina aurretik beste zenbait erronka ere igaro behar izan ditugu”. Europar komunitatea sortu zutenean izandako erronka ekarri du gogora, automatizazio eta produkzio eremuarekin estuki lotua. Bai eta mundura zabaltzeari ekin ziotenean izandako erronkak ere, internazionalizazioa garatzen hasi zirenean, hain justu. Bi prozesuak «ondo salbatu» zituztela adierazi du.
Gaur egun, berriz, bi erronka nagusi ditu Orklik aurrean: etxetresnen sektorearen «txinatartzea» eta deskarbonizazioa.
Testuinguru horretan, bi eremu nagusitan kokatzen du Orklik gaur egun bere jarduna. Batetik, mundu mailan, segurtasun termoelektrikoaren alorrean, gasaren segurtasunarekin lotutako «produktu oso zehatzak» garatzen ditu. Lekuonak nabarmendu duenez, Orkli «erreferente» izan da arlo horretan, eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du. Bestetik, Espainia eta Europa mailan, berriz, konfortaren edo etxeko erosotasunaren esparruan kokatzen du kooperatibaren jarduna.
Hala eta guztiz ere, badu hirugarren eremu bat ere, gutxika-gutxika garatzen ari direna: zuntzen eremua. «Gutxiena ezagutzen den eremua» dela nabarmendu du Lekuonak, baina bertan ere «harremanak aurrera doazela» ziurtatu du.













