UGLEk doako bi ikastaro antolatu ditu langabezian daudenentzat
UGLE eskolak doako bi ikastaro jarriko ditu martxan abenduan, langabezian dauden pertsonei zuzenduta. Prestakuntza hauek Lanbideren (Euskal Enplegu Zerbitzua) prestakuntza eta laneratze proiektu berezien barruan kokatzen dira, eta enplegagarritasun handiko sektoreetan (eraikuntzan eta mantentze lan industrialetan) ikasleak profesionalki gaitzea dute helburu.
Prestakuntza eskaintzak ondorengoak dira:
● Igeltseritza Ikastaroa (UGLEraikiz): eraikuntzako estaldura jarraituetako lan osagarriak. 440 orduko iraupena du, honako modulu hauetan banatuta: lan osagarriak, morteroak eta hormigoiak, euskarrien tratamendua, entokatuak eta zarpiatuak eta pintura eta babesleak. Baita enpresetako 80 orduko praktika profesionalak ere.
● Igogailuen mantentze lanen ikastaroa (UGLElev): Igogailuak eta jasotzeko eta garraiatzeko beste ekipamendu finko batzuk instalatzea eta mantentzea. Guztira 590 orduko iraupena du, modulu hauetan banatuta: instalazioa (312 ordu), mantentze-lanak (278 ordu) eta enpresetako 80 orduko praktika profesionalak.
Bi ikastaroak abenduaren amaieran hasiko dira eta arratsaldeko ordutegian emango dira, 15:00etatik 20:30era, UGLE eskolan.
Hirune Iraolak, UGLE eskolako enplegurako prestakuntzaren arduradunak, eskualdean eskari handia duen espezialitate teknikoetan gaitzearen garrantzia nabarmendu du. “Prestatzea eta ezagutzak eguneratzea da lan merkatuan berme osoz sartzeko tresnarik eraginkorrena. UGLEn apustu sendoa egiten dugu funtsezko gremio eta industriei lotutako ikastaroen alde, oso laneratze tasa altua baitute. Alor hauetan profesional kualifikatuen beharra nabarmena da eta era honetako prestakuntzak enplegurako ate zuzena dira”.
Bi prestakuntzetarako plazak mugatuak dira. Informazio gehiago behar izanez gero, eskolara deitu daiteke (943725477) edo zuzenean izena eman, Lanbideren bulego batean edo www.lanbide.eus webgunean.













