Aralarko Ibilaldi Magikoko sarrerak bihar jarriko dituzte salgai
Abenduaren 20an izango da, Lizarrustitik abiatuta. Bi txandatan banatuko dute ibilaldia, 10:30ean eta 11:00etan.
Aralarko ibilaldi magikoa, 2022ko abenduan. Jentilbaratza elkartea Ataungo Lizarrusti Parketxetik abiatuta egingo da aurten ere abenduaren 20an Aralarko Ibilaldi Magikoa, bi txandatan banatuta, 10:30ean eta 11:00eatn. Data horretarako hilabete gelditzen bada ere, ostiral honetan sarrerak salgai jarriko dituzte, 10:00etatik aurrera. Sarrerak www.gipuzkoanatura.eus-en bitartez erosi beharko da, pertsonako 5 euro ordainduta. Jentilbaratza elkarteak adi egoteko ohartarazi du, «sarrerak oso azkar agortzen dira eta».
Ataungo Jentilbaratza Kultur Elkarteak eta Gipuzkoa Natura Fundazioak antolatzen dute ekimena. Sarrerarik gabe egunean bertan ezingo da joan, ibilaldiaren «segurtasuna eta kalitatea bermatzeko».
Kontuan izatekoak
Antolatzaileek adierazi dute 2,5-3 orduko ibilbide «erraza» dela, baina, ez dela gomendagarria 3 urtetik beherakoentzat. Bestalde, mendiko arropa eta oinetakoak ezinbestekoak direla azpimarratu dute. Azkenik, Lizarrustiko aparkaleku txikia dela eta autoak partekatzeko eskatu dute.














