Olaberriko Biometano planta proiektuaren aurkako plataformak mozio bat aurkeztuko du gaur
Udalari "informazio osoa" partekatzeko eta lege prozeduren inguruko "saio espezializatu" bat antolatzeko eskatu dio, eta Udalbatza osatzen dute bi talde politikoek duten jarreraz ere galdetuko du.
Urriaren 21ean Ihurreko jubilatuen lokalean biometano plantaren proiektua aurkezteko egindako bileraren irudia.Iñaki Gurrutxaga Olaberriko Biometano planta proiektuaren aurkako plataformak mozio bat aurkeztuko du gaurko osoko bilkuran. Hiru puntuko mozio bat da. Udalari proiektuari buruzko “informazio osoa” partekatzeko eta lege prozeduren inguruko “saio espezializatu” bat antolatzeko eskatzen du mozioak, eta Udalbatza osatzen dute bi talde politikoek duten jarreraz ere galdetzen du.
Hauxe da, hitzez hitz, aurkeztutako mozioa:
- 1.Biometano plantaren proiektua dela eta, herrian sortu berri den herritar taldeak aulki bat izan dezala gai honi buruz antolatuko diren bilera, lan talde, aurkezpen eta antzeko ekitaldietan. Era berean, Udalak gai honi buruz duen informazio osoa talde honekin parteka dezala.
- 2.Prestakuntza-saio espezializatu bat antolatzea eskatzen dugu, gai honetan aditua den teknikari batek emana, ezaugarri hauetako proiektu batek jarraitzen duen administrazio- eta lege-prozeduraren inguruan.. Honako alderdi hauek landuko dira, besteak beste:
-Prozeduran parte hartzen duten eragileak, bakoitzaren eginkizunak eta erantzukizunak.
-Proiektu mota honek jarraitzen dituen administrazio- eta lege-prozeduraren faseak.
-Fase bakoitzean alegazioak aurkezteko ezarritako legezko epeak.
- 3. Zein da udal honetan ordezkatuta dauden talde politiko bakoitzaren jarrera Olaberrian aurreikusten den biometano planta instalatzeko proposamenaren aurrean?













