Ordiziako San Jose egoitzako langileen aldarrikapenak kalean
Langile-egoiliarren aldeko manifestazioa egin dute, ELAk eta LABek deituta. Pentsionistek, Itaiak eta Ordiziako talde feministak bat egin dute.
Ordiziako San Jose egoitzako langileen protesta, atzo iluntzean.Manex Usarralde San Jose Ordiziako erresidentziaren aldeko manifestazioa egin zuten, atzo. ELAk eta LABek deitu zuten mobilizazioa eta Goierriko Pentsionistek, Itaiak eta Ordiziako talde feministak bat egin zuten.
ELA sindikatuak Foru Aldundiari aukeratzeko eskatu zion, «Florentino Perez edo langile-egoiliarrak». Izan ere, Ordiziako egoitza 10 hilabetez greba mugagabean dago, Perezena den enpresak irabaziak «gizentzeko» eman dituen «murrizketak» salatzeko: «Langileen %59ak kontratu partziala du, eta horien %30ak astean 14 ordu baino gutxiagora mugatu zaie lana».
Momentu honetan egoitzan 55 egoiliar artatzeko 6 langile laguntzaile gutxiago daudela azpimarratu zuen ELAk: «Lana presaka eta gaizki egitera bultzatzen ditu». Ondorioz, zainketa eta arreta berezia behar duten egoiliarrak, eguneko zenbait ordutan, inongo «atentziorik gabe» uzten direla salatu zuen ELAk. «Azken bi asteetan 3 erorketa, medikazioen banaketan akatsak eta egoiliar batekin gertakari larri bat gertatu da, non Ertzaintzak parte hartu behar izan duen».
Kabia Foru Aldundiko organismoaren erresidentzia da, eta berak esleitzen die zerbitzua enpresa pribatuei. Kasu honetan, «prezio baxuena» eskaini zuen enpresari esleitu ziola zerbitzua azaldu zuen ELAk: «Florentino Perezen Zaintzen S.A. Real Madrileko presidentearena».
Erantzukizun eskea
Ordiziako San Jose egoitzako «murrizketak eta lan-baldintzen okertzea» salatu zituen atzo LABek ere. Mobilizazioa «modu bat» izan zen, «Zaintzen enpresari, Kabiari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari egoitzaren egungo egoeraren aurrean dituzten erantzukizunak beren gain hartzea eskatzeko».
Zaintzen enpresak egoitzaren kudeaketa 2025eko azaroan bere gain hartu zuenetik, langileak «murrizketak, lan baldintzen pixkanako okertzea eta lan kargen handitzea» jasaten ari direla adierazi zuen.
Enpresarekin hainbat bilera egin dituzten arren, «ez da akordiorik lortu». Gaineratuz, Zaintzenek egutegietan aldaketak «alde bakarretik» aplikatu dituela, «langileen ordezkaritzaren adostasunik gabe».
Egoera horrek langileei ez ezik egoiliarrei ere «zuzenean» eragiten diela salatu zuen sindikatu abertzaleak. Izan ere, zaintzaileek geroz eta denbora «gutxiago» eskaintzen dietela diote: «Eguneroko laguntzaileen arreta jarraitua galtzeko arriskuan daude».
«Zaintzarekin negoziorik ez»
Erresidentzien greba honen inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak pertsona bakoitzari egunero eskaini beharreko laguntza denbora hauek ezartzen ditu: «Pertsona autonomoak 39 minutu; mendekotasuna duten pertsonak 62,2; mendekotasun handia duten pertsonak 110 minutu; eta psikogeriatria unitateak 127 minutu».
Hala ere, LABek uste du erreferentziazko denbora horiek «gutxienekoak» direla eta ezin dutela horiekin «konformatu». Zaintza egoitzen «publifikazioak» ratioak hobetzeko, lan-taldeak handitzeko eta egoiliarrek behar duten denbora eta arreta bermatzeko balio behar duela defendatzen dute.
Langile nahikoak, ordezkapen egokiak, duintasunez lan egiteko eta kalitatezko zaintza eskaintzeko baldintzak eskatu zituzten. «Zaintzea ezin delako negozio bat izan». Izan ere, langileen «osasuna» eta egoiliarren «ongizatea» ezin direlako enpresen «etekinen menpe egon».













