Porrotx, Marimotots eta lagunak Legazpin izan dira aurten ere, lan berriarekin
Katxiporreta taldeko pailazoek 'Musu bete urte' ikuskizuna aurkeztu diete herriko txikienei. Bi emanaldi eskaini dituzte Latxartegi aretoan.
Porrotx, Marimotots eta Katxiporreta taldeko lagunak Legazpin izan dira berriz, HH3tik LH4ra bitarteko ikasleei lan berria aurkezteko. Musu bete urte du izenburu, eta gaur estreinatuko dute ofizialki. Legazpiarrek aurretik ezagutzeko aukera izan dute, asteazkenean Latxartegin egindako bi emanaldietan.
Katxiporretak 2018an sortutako Musua ikuskizunari tiraka, naturarekin, kulturarekin eta urteko lau urtaroekin lotutako abentura proposatu dute oraingoan, eta naturarekin, kulturarekin eta urteko lau urtaroekin lotutako abentura proposatu dute. Leire Bilbaok idatzitako eta Maite Mutuberriak ilustratutako Musu bete urte ipuinean oinarrituta, Pupu eta Lorek, Marigorringoaren laguntzarekin, urte osoan zehar bidaiatuko dute, urtaro bakoitzak dakartzan ohiturak, ospakizunak eta bizipenak ezagutuz.
Musuen bidez, naturaren zikloak eta euskal ohiturak eta ospakizunak ezagutzeko aukera eskaintzen ditu lan berriak, besteak beste, Santa Ageda, inauteriak, udako solstizioa, Gau Beltza, Eguberriak eta Olentzero
Natura eta kultura, lotuta
Katxiporretako pailazoek naturaren eta kulturaren arteko lotura nabarmendu nahi izan dute proposamen berri honetan. Izan ere, Porrotxek azaldu bezala, «gure kultura oso lotuta dago naturari», eta garai bateko ospakizun askok harreman zuzena zuten naturaren zikloekin. Hala, naturari eta kulturari musuak eskaintzen dizkien ikuskizuna da Musu bete urte.
Kantua, dantza, umorea eta irudimena uztartzen dituen abentura honen bidez, haurrek «urte oso bat musuz betetzeko aukera» izango dute.














