Sanandresak ate joka dira
Azaroaren 20tik 30era luzatuko dira aurten jaiak, bi asteburutan banatuta. Lehenengo asteburuan eleganteen eta haurren egunak, nabarmentzekoak.
Aurten paseo elegantea erraldoiek, buruhandiek eta dultzaineroek lagunduta egingo dute.Loinaz Agirre San Andres jaiak ate joka dira Ormaiztegin. Azken uneko ukituen faltan, dena prest dago herriko zaindariaren omenezko jai nagusiei haisera emateko. Azaroaren 20tik 30era luzatuko dira aurten sanandresak, egitarauren mardula, ohi bezala, bi asteburutan banatuta. Jaien lehendabiziko asteburu honetan Eleganteen eguna eta haurren danborrada daude nabarmentzekoen artean.
Pasa den ostiralean banatu zituen udalak jaietako egitarauak Ormaiztegiko etxeetan. Aurten, lau hizkuntzatan irakurtzeko aukera dago: euskaraz, gazteleraz, arabieraz eta errumanieraz; Jon Enrike alkateak azaldu duenez, kanpoko jatorria duten ormaiztegiarrak festetara gerturatzeko asmoz. «Ormaiztegi gero eta pluralagoa da. Herritar guztiei informazioa behar bezala iritsi arazteko hartu da erabaki hau, kanpotik Ormaiztegira etorri den jendearengana gerturatzeko eta hauei ere herrian antolatzen diren ekintzetan parte hartzea errazteko», esan du. Etxeetara bidali diren aleetan QR kode bat dago bigarren orrian eta lotura horren bidez kontsultatu daiteke egitaraua nahi den hizkuntzan, baita udalaren web gunean ere.
Omenaldiak, hasteko
Aurten herriko tabernari eta merkatariena izango da jaiei hasiera emango dien pregoia irakurtzeko ardura. NM English akademiako Nekane Mujikak eta Mariaje kafetegi eta okindegiko Maria Jesus Oterok irakurriko dute herriko denda eta zerbitzuetako kide guztien izenean. Gustura daude udalak egindako gonbidapenarekin. «Herrian urte guztian zehar egun gehien irekita dauden establezimenduak gara, herriari egiten diogun ekarpenaren aitortza bezala ulertzen dugu gonbidapena», esan du CosMo artisautza dendako Nerea Magallanesek. Zentzu berean hitz egin du alkateak ere: «Hor daude egunero kaleak biziz betetzen eta zerbitzua ematen; uste dugu momentua zela omenaldi moduko bat egiteko, xumea bada ere».
Pregoiaren aurretik, 2025ean jaiotako 9 haurrei ongietorria egingo diete eta txupinazoaren ondoren, Ormaiztegiko Gazte Asanbladak (OGA) antolatutako futbito txapelketako finala jokatuko dute Zubipen, Hizto eta Txarkiurik40 taldeek. Leku berean izango da ondoren, urtero «450 lagunetik gora» biltzen dituen kinto eta kuadrillen arteko afari jendetsua.
Larunbateko Eleganteen eguna izango da asteburu honetako ekintza nagusietako bat. Urteroko egitaraua errepikatuko bada ere, bada berrikuntzarik aurten; paseo elegantea Pasaiako erraldoiek, Ormaiztegiko buruhandiek eta dultzaineroek lagunduta egingo baitute, lehenengo aldiz. «Desfile hori ikusgarriago egitea izan da helburua, baita herritarren parte hartzea handitzea ere», esan du alkateak. Guraso elkarteak ere parte hartuko du aurten kasaka berriak estreinatuko dituzten buruhandiekin. OGAk antolatzen duen eleganteen bazkarirako 100 bat lagunek eman dute izena dagoeneko.
Gau Txori zerbitzua
Alkateak aurreratu duenez, asteburuko Gau Txori autobus zerbitzua indartzeko eskaera egin du udalak. Oraindik behin betiko ordutegirik ez duten arren, gaueko autobusen maiztasuna handituko da Beasaingo zein Zumarragako norabideetan: «Inguruko herrietako bizilagunek gauez Ormaiztegira gerturatzeko aukera izango dute kotxerik hartu beharrik gabe», amaitu du.
Ikusi egitaraua osorik hemen: San Andres jaiak 2026
Datorren astebururako antolatutako ekintzetarako hainbat ohar
Aurtengo jaietarako herria elkarlanean apaintzeko deialdia egin dute gaurko, osteguna. Jai batzordeak, guraso elkarteak, Zumalakarregi museoak eta udalak apaingarriak egiteko tailerrak antolatu dituzte eta gaur 16:00etatik 18:00etara hitzordua egin dute plazan, egindako apainagarriak auzolanean zintzilikatzeko.
Horrekin batera, jaietako bigarren asteburuari begira, hainbat ohar ere zabaldu ditu Ormaiztegiko Udalak. Batetik, azaroaren 28an egingo den mozorro egunaren harira, kuadrillen bazkarirako txartelak azaroaren 22ra arte salgai izango dira Ormaiztegi App-ean. Bestetik, azaroaren 29an egingo den helduen danborradari lotuta, parte hartzaileek egingo duten afarirako txartelak azaroaren 23tik 25era jarriko dituzte salgai Ormaiztegi App-ean.
Azaroaren 29an egingo den Odolki eguneko elikagaien eta bertako artisauen azokan gastatzeko 5 euroko deskontu bonuak banatuko ditu udalak aurten lehenego aldiz herritarren artean. Azaroaren 20ra bitartean jaso ahal izango dira bonuak udaletxean, agortu arte, 8:00etatik 15:00etara. Guztira 100 deskontu bonu banatuko dituzte eta pertsonako deskontu bonu bakarra emango da.













