Zaldibiako Euskara Mahaiak TELP ikastaroan parte hartzeko deia egin die herritarrei
Azaroaren 28rako goiz osoko tailerra antolatu du. Herritarrek hilaren 24ra arteko epea dute izena emateko.
Euskararen erabilera bultzatzeko irizpideak eta estrategiak lantzeko TELP ikastaroa antolatu du Zaldibiako Euskara Mahaiak. TELP katalanezko Tailler d’Espai Lingüistic Personal-etik dator, eta helburua diglosiak sortzen dituen egoerak kudeatzeko erremintak garatzea da. Gero, beste jende batentzat portaera-eredu bihur daiteke tailerreko partaidea.
Tailerreko hartzaile potentzialak euskaraz egiteko gogoa duten hiztunak (hizkuntza kontzientziadunak) izan behar dute. Oinarrizkoa da euskararekiko kontzientzia izatea. Kontzientzia horretatik abiatuta, baliabideak eta estrategiak eskainiko zaizkie, euskaraz gehiago eta erosoago hitz egiteko.
TELP ez da hizkuntza-kontzientzia areagotzeko zuzeneko ekimen bat: hizkuntza-kontzientzia eduki arren, hizkuntza minorizatu bat hitz egitearen desabantailak jasaten dituztenak ditu helburu, haien ongizate sozialari eta indibidualari kalte nabarmena egiten baitie egoera horrek. Euskaraz aritzeko erosotasuna garatzeaz bat, gizartean hizkuntzaren presentzia areagotzeko bidea irekitzen du.
Izena emateko deia
Ikastaroa azaroaren 28an izango da, Zaldibiako Topalekuan –udaletxe azpiko aretoan–. Bost ordukoa da (09:00-14:00, tartean atsedena), eta metodologiari dagokionez alderdi praktikoa eta teorikoa uztartzen ditu. Parte hartzeko interesa duten herritarrek zaldibiaem@gmail.com posta elektroniko helbidera idatzi behar dute azaroaren 24rako.
Helburuak
- Euskaraz egiteari lotutako deserosotasuna murriztea.
- Hizkuntza jokabide asertiboari esker gusturago egotea.
- Euskara ulertzen ez, eta aldeko zein kontrako jarrera dutenen aurrean nola jokatu jakitea.
Edukiak
- Oinarri teorikoak.
- Interakzio pertsonalen ikuspegi estrategikoa.
- Baliabideak eta dramatizazioak.
- Aniztasuna, zailtasuna eta progresibitatea.
- Konbergentzia geruzak, asertibitatea, norberaren helburuak zehaztu eta ondorioak.
Metodologia
Tailer honen metodologiari dagokionez, lau ezaugarri nabarmendu behar dira:
- Parte-hartzailea. Tailerrera etorriko direnek beren esperientzia oinarri hartuta tailerra asko aberasten dute, eta horrexegatik tailerra oso parte-hartzailea izango da. Tailerraren aurrez-aurreko saioetatik kanpo egingo diren ariketez gain, tailerrean bertan azalpenak eta ariketak tartekatuko dira, eta hitza emango zaie parte-hartzaileei momenturo.
- Praktikan oinarritua. Tailerraren oinarrian hainbat kontzeptu soziolinguistiko eta psikologiko aurkitzen diren arren, tailerrera bertaratuko direnen eguneroko esperientzian oinarrituko da, horixe baita ikasbiderik aberatsena eta gure hizkuntza-praktikak aldatzeko bide bakarra.
- Egokitua. Tailerrean parte hartuko dutenen interesak eta beharrak kontuan hartuta, tailerra egokitu egingo da.
- Malgua. Aurretik esandako guztiagatik, malgutasunez jokatuko da parte-hartzea bermatzeko, praktiketatik ikasteko eta hartzaileen beharretara egokitzeko.














