Irati Olaizolak hirugarren egin du Euskal Herriko aurresku txapelketan
Legazpiko Sustraik dantza taldeko bost partaideetako bat zen. Txapelketa Hondarribian jokatu zen atzo, eta Oiartzungo Mattin Etxebestek irabazi zuen.
Irati Olaizola, bigarrena eskuinetik, Legazpiko beste dantzariez inguratuta.Sustraiak dantza taldea Irati Olaizola legazpiarrak hirugarren egin du Euskal Herriko VIII Aurresku Txapelketa Nagusian, eta Sustraiak dantza taldean kide duen Amaia Azpeitia bosgarren postuan sailkatu da. Txapelduna Oiartzungo Mattin Etxebeste izan da, eta bigarrena, Lezoko Mikel Esnaola.
Aurresku txapelketa atzo jokatu zen Hondarribiko Itsas etxea aretoan, bertako udalak eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatuta, eta 16 urtetik gorako 14 dantzari aritu ziren lehian. Beste hiru legazpiar ere izan ziren lehian, horiek ere Sustraiak taldeko kideak: Jon Alberdik, Naroa Sanchez eta Eider Carballo.
Gainerako partaideak Zizurkilgo Garazi Oyarzabal eta Amaiur Tejeria, Villabonako, Clara Larrañaga eta Izadi Urbano, Oiartzungo Mattin Etxebeste, Pasai Donibaneko Danel Castillo, Errenteriako, Mairi Maya eta Lezoko Ihintza Erauskin izan ziren.
Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak izendatuta epai lanetan aritu ziren Jose Luis Vallejok, Katerin Artolak eta Nahikari Vizuetek erabaki zuten Etxebestek, Esnaolak eta Olaizolak dantzatu zutela hoberen Aurkez aurke edo desafioa, Zortzikoa eta soinu zaharra, Hernaniko txistulari taldeak lagunduta.
Etxebeste txapeldunak Gipuzkoako Dantzarien biltzarreko trofeoa, Hondarribiko Udalak eskainitako trofeoa, txapela, 400 euro eta bere herriko udaletxean txapelketaren hurrengo ediziora arte gordeta egongo den Tomas Murua eskulturagilearen lana irabazi zituen. Esnaola lezoarrak Hondarribiko udalaren trofeoa eta 300 euro jaso zituen, eta Olaizola legazpiarrak Hondarribiko udalaren trofeoa eta 200 euro.














