Aldundiak diruz lagunduko du ikasleak Debagoieneko campusetara eramaten dituen elkartea

Goierriko ikasleak Debagoieneko unibertsitate campusetara eramateko garraioa zerbitzua diruz lagunduko du aldundiak.

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Unibide Elkartea elkarteko ordezkariek hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horren bidez, aldundiko departamenduak elkarte horrek erabiltzen dituen autobusen kostuaren zati handi bat ordainduko du. Elkarteak egunero eramaten ditu Goierriko ikasle gazteak Debagoieneko unibertsitate-campusetara. “Gogoratu behar da, akordio honi esker, elkarte horietako kide diren gazteek Mugi sisteman integratutako garraio publikoko ohiko linea batek izango lukeen antzeko prezioa ordainduko dutela zerbitzu honengatik. Horrek hileko aurrezpen handia ekarriko die dozenaka familiari”, adierazi du Dominguezek.

Haren hitzetan, hitzarmena orain sinatu bada ere, “atzeraeraginezko izaera” izango du, elkartearen jarduera hasi zenetik, hau da, joan den irailetik, unibertsitate-ikasturtearen hasierarekin batera. Azahara Dominguezek bilera bat egin du talde horretako kideekin gaur, elkartearen funtzionamendua eta antolaketa bertatik bertara ezagutzeko, eta departamentuaren finantzaketak elkartearen jardueran eta zerbitzuaren erabiltzaile diren familietan izango duen eraginari buruzko iritziak trukatzeko.

“Gipuzkoaren etorkizunaren alde”
“Laguntza honen bidez, unibertsitaterako sarbidea demokratizatzen dugu, bizilekua edo garraioaren kostua gure gazteek unibertsitate-ikasketak egiteko oztopo izan ez daitezen bermatuz. Tokiko talentuaren alde egin nahi dugu, aukera-berdintasuna oinarri hartuta, gure gazteek hemen beren bizi eta lan-proiektua garatu ahal izan dezaten. Unibertsitatera iristeko bidea erraztea gure lurraldean talentua atxikitzearen alde egitea ere bada; izan ere, Gipuzkoak belaunaldi berrien prestakuntza, gaitasuna eta potentziala behar ditu bere etorkizuna eraikitzen jarraitzeko. Azken batean, gure gazteen alde egitea Gipuzkoaren etorkizunaren alde egitea da», nabarmendu du Azahara Dominguezek.

Unibide Elkartea Mugikortasuneko Departamentuaren laguntza jasotzen duten unibertsitate-elkarteen artean sartu da, Martxan Bidaiariak, Ziztu eta Donostia-Leioa elkarteekin batera. Azken bi horiek Gipuzkoako ikasleak eta unibertsitateko langileak Bizkaiko campusetara eramaten dituzten bitartean, Unibide Elkarteak Ordizia, Beasain eta Urretxu-Zumarragako gazteak Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako campusetara eramaten ditu. Martxan Bidaiariak elkarteak, berriz, Debagoienean ikasten duten Zumaiako, Zestoako, Azpeitiko eta Azkoitiko bizilagunei eskaintzen die zerbitzua.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa