'Arnasa' ikuskizunak Azaroak Musika zikloa itxiko du ostiralean
Latxartegi aretoan eskainiko du Jokai taldeak, musika, dantza eta antzerkia uztartuz. Emanaldia 19:30ean izango da, eta sarrera, doan.
Legazpiko Azaroan Musika amaierara iritsi da, eta ostiralean izango da azken hitzordua. Jokai taldeak itxiko du zikloa Arnasa ikuskizunarekin. Emanaldia 19:30ean izango da Latxartegi Aretoan. Sarrerak dohainik dira.
Musika, dantza garaikidea eta antzerki fisikoa uztartzen dituen sorkuntza eszenikoa da Arnasa. Diziplina artistiko desberdinak elkartuz, “ikuslea gelditzera, entzutera eta arnasa hartzera gonbidatzen duen esperientzia poetiko eta sentsoriala” proposatzen du.
Jokai taldearen Arnasa lanak “zarataz, presaz eta etengabeko estimuluaz betetako mundu batean, isiltasunaren balioa berreskuratu nahi du. Naturaren elementuak eta haien erritmoak abiapuntu hartuta, gizakiaren barne-bidaia baten metafora eraikitzen du”. Antzezpena, dantza, kantua, txalaparta eta akordeoia uztartzen ditu, eta tradizioa eta abangoardia batzen dituen hizkuntza propioa sortzen du.
Markel Sainz aktorea eta ahotsa da lanean, Amaia Martinezek dantza eta ahotsa jartzen du, Asier Capon akordeoiaz eta ahotsaz arduratzen da, Imanol Ugartek txalaparta eta perkusioa jotzen du, eta Jabier Leoz txalapartaria eta ahotsa da.













