Urteroko moduan, Antxiñako Ama txistulari taldeak txistu kontzertua egingo du Zumarragako Beloki pilotalekuan, Gabonen atarian. Aurtengo kontzertua abenduaren 19an izango da, 19:30ean.
Kontzerturako sarrera guztiak doakoak izango dira, baina aurrez eskuratu beharko dira. Pertsona bakoitzak gehienez bi sarrera hartu ahal izango ditu, ahalik eta herritar gehienek emanaldiaz gozatzeko aukera izan dezaten.
Sarrerak agortu arte banatuko dira, honako egun eta ordutegi hauetan:
ZUMARRAGAKO KULTUR ETXEAN
-
Abenduaren 14ean eta 15ean: 19:00etatik 20:00etara.
-
Abenduaren 16an eta 17an: 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 20:30era.
BELOKI PILOTALEKUAN
• Abenduaren 19an: kontzertuaren aurretik, 18:30etik 19:30era, aurretik agortu ez badira, geratzen diren sarrerak banatuko dira.
Aurtengo kontzertuaren leloa Hemen eta orain da eta ilusio handiz prestatzen ari dira. “Batzuetan, nahikoa da doinu bat eguneroko zalaparta isilarazteko, une batez gelditzeko eta benetan garrantzitsua denari lekua egiteko. Ideia horretatik abiatzen da aurtengo Hemen eta orain leloa: oraina bizitzera, inguruan ditugunekin konektatzera eta musikaren bidez partekatzen ditugun uneen edertasunaz jabetzera gonbidatzen gaituen proposamena”, aipatu dute txistulari taldeko kideek.
Txistua izango da kontzertuaren ardatza, baina ez bakarra. Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako txistulariek, Gorobel Metal boskoteak, musikari eta abeslariek, abesbatzek, txalapartari eta dantza taldeek osatuko dute emanaldia. “Txistuaren doinuek beste instrumentu, ahots eta erritmo batzuekin egingo dute bat, tradizioaren oihartzunak eta gaur egungo musikaren indarra uztartuz. Horrela, musika eta dantza eskutik helduta, gure kulturaren aberastasuna eta bizitasuna agertuko dira oholtza gainean. Kontzertua, beraz, musika entzuteko aukera baino gehiago izango da: elkarrekin gozatzeko, emozioak partekatzeko eta oroitzapen berriak sortzeko topagunea. Antxiñako Ama Txistulari Taldearen helburua herria musikaren inguruan biltzea da, txistuaren bidez belaunaldiak eta adierazpide artistiko ezberdinak elkartuz.
Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatzen dituzte hitzordu berezi honetan parte hartzera eta Hemen eta orain bizitzera; musikak une batez eguneroko erritmotik aldendu eta elkarrekin egotearen balioa gogoraraz diezagun. “Antxiñako Ama Txistulari Taldearen nahia herritarrak musikaren inguruan biltzea da, elkarrekin gozatzeko eta Zumarragako kultur bizitzaren aberastasuna ospatzeko. Zatozte, eta bizi dezagun elkarrekin hemen eta orain!”.













