Musikariek eta artistek beraien jarduera kudeatzen ikasteko saioa egin dute
Musika Taldeen Mugimendua elkarteak musika autogestioko doako saioa antolatu zuen larunbatean, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Saioa Ainara LeGardonek gidatu zuen. LeGardon musikaria eta ikertzailea da, eta jabetza intelektualaren eta kultura kudeaketaren arloan ahotsik errespetatuenetakoa.
Hamar bat lagun elkartu ziren. LeGardonek edozein musika proiektuentzat funtsezkoak diren gaiak jorratu zituen: zergatik autogestionatu, jabetza intelektualeko eskubideak eta haien titularrak, musika obren egilekidetza, eskubideen kudeaketa Kudeaketa Kolektiboko Erakundeen eta Kudeaketa Independenteko Eragileen bidez, eta musika argitaratzeko beharrezko izapideak, bai formatu fisikoan bai digitalean.
Bertaratutakoek oso positibotzat jo zuten saioa. Bereziki nabarmendu zituzten prestatzailearen argitasuna eta partekatutako baliabideen erabilgarritasuna.













