San Bartolomeko teilatua eta zorua berritzen hasiak dira

Orain bi aste ekin diete Ordiziako ermitako teilatua eta zorua berritzeko lanei. Osbele elkarteak «pozik» hartu du jarduera. Vasile enpresa arduratzen ari da lanez, eta 80.436,36 euroko aurrekontua du.

Ordiziako San Bartolome ermitaren zaharberritze lanak hasi dituzte. Azaroaren 12an ekin zioten teilatua eta zorua berritzeko lanei, eta Osbele elkarteak pozik hartu du obra martxan jarri izana. Hiru urte baino gehiagoko ibilbidearen ondoren, elkarteak bultzatutako egitasmoa gauzatzen hasi da.

«Oso pozik gaude, denbora luze baten ondoren gure egitasmoa gauzatzen ikusten ari garelako», azaldu du Pello Otegi elkarteko kideak. Izan ere, ermitaren teilatua konpontzeko lehen urratsak 2023an egin zituzten, Apadrina una teja kanpainaren bidez. Erakundeen aldetik behar adinako erantzunik ez zegoela ikusita, herritarren laguntza eskatu zuen Osbelek, eta jasotako diruarekin nahiz Ordiziako parrokiaren konpromisoarekin lehen aurrekontuari aurre egitea lortu zuten. 

Hasierako aurrekontua 17.690 eurokoa bazen ere, proiektua garatu ahala nabarmen handitu da obra. Gipuzkoako Foru Aldundiak ermita osorako proiektu integrala eskatu zuen, eta Zetabi arkitektura-estudioak egindako lanari esker, izapideek aurrera jarraitzea lortu zuten. Azkenerako, teilatua eta zorua berritzeko proiektua 80.436,36 eurokoa da.

Eusko Jaurlaritzak kostu osoa estaltzeko laguntza ematea onartu zuen, eta, ondoren, Gotzaitegiak Ordiziako Vasile enpresari esleitu zizkion lanak. 

Etorkizuna bermatzea

Osbeleko kideek, ordea, baselizaren etorkizuna ez dute obra horietara mugatu nahi. Elkartearen arabera, beharrezkoa da erakundeen arteko elkarlana indartzea. Zentzu horretan, Adur Ezenarro Ordiziako alkatearekin bildu ziren joan den urrian lanak aurrera eramateko laguntza eske. Udalak Eusko Jaurlaritzarekin, Aldundiarekin eta parrokiarekin batera parte-hartzea proposatu zion elkarteari, «alderdi guztientzat ahalik eta akordiorik onena» lortzeko. 

Orain, zoruaren eta teilatuaren berritze lan hauekin ermitako proiektuak urrats garrantzitsua egin du. Osbelek, zaharberritzearekin aurrera egiteko konfiantza agertu du.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa