Zaintza sarearen lanketan, AMIA analisia egingo dute hirugarren saioan
Astelehenean izango da, 17:00etatik 19:00etara, udaletxeko batzar aretoan. Saioak irekiak dira parte hartu nahi duen herritar ororentzat.
'Nola elkar zaindu nahi dugu Beasainen?' proiektuaren aurkezpeneko irudia, joan den irailaren 16an.Beasaingo Udala Nola elkar zaindu nahi dugu Beasainen? egitasmoko hirugarren lan bilera astelehenean egingo dute, azaroaren 30ean, 17:00etatik 19:00etara udaletxeko batzar aretoan. Udalerriaren azterketa egingo dute, AMIA analisiarekin.
Aurreko saioan mapaketa edo identifikazio-lana egin zuten parte hartzaileek. Hori oinarri hartuta, Ahuldadeak, Mehatxuak, Indarguneak eta Aukerak aztertuko dituzte, zaintzaren arloan hobetu beharrekoak eta etorkizunean sor daitezkeen erronkak azaleratzeko.
Saio guztiak irekiak dira parte hartu eta ekarpenak egin nahi dituen herritar ororentzat.











