Azaroaren 25a iruditan
Inklusioa

"Inklusioa eragozten duten eguneroko aitzakiak zalantzan jartzera" gonbidatu du Atzegik

Ironia puntu batekin, aitzakia horiek berrikustera eta horiei barre egitera gonbidatu dute jendartea 2026ko kanpainarekin: "Asmo ona izatea ez da beti nahikoa: inklusioak entzutea, galderak egitea eta, batez ere, aukerak eskaintzea eskatzen du".

Atzo Oriamendi kaleko 16 zenbakiko lokalean egindako aurkezpenean parte hartu duten herritarrak.Laida Goiburu

Atzegi desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak 2026ko kanpaina aurkeztu du, atzo arratsaldean, Beasainen. Elkarteak emandako datuen arabera, Goierrin, adimen desgaitasuna duten 105 pertsona, 88 laguntzaile eta 649 Atzegizale daude Atzegin. Umorearen bitartez, “inklusioa eragozten duten adimen desgaitasuna duten pertsonak kanpoan uzten dituzten eguneroko aitzakiak identifikatzera eta zalantzan jartzera” gonbidatu dute kanpainarekin, Itxurazaleak: aitzakia gutxiago, inklusio gehiago lelopean.

Azaldu dutenez, aitzakia batzuk “kaltegabekoak” diruditen arren –”Ez dakit gustura egongo den”, “agian jarduera hau ez da berarentzat” edo “agian laguntza handia behar du” esaldiak, adibidez–, eta “askotan asmo onez esaten” badira ere, adimen desgaitasuna duten pertsonen parte hartzeko aukerak mugatzen dituzte. Errealitate horretan arreta jartzeko helburua du kanpainak: “Hainbat esparrutan ematen diren egoerak dira, baina kanpainak aisian eta parte-hartze komunitarioan jarri nahi izan du arreta, han ematen baitira sarrien”, zehaztu dute.

“Aurreiritzitik, beldurretik edo ezjakintasunetik” adierazten direla uste dute, eta hain justu, haien esanetan, “aldatu behar dena” hori da: “Eguneroko egoera txiki horietan, arazo bat saihesten ari garela uste dugu, baina errealitatean beste pertsona baten ordez erabakiak hartzen ari gara eta hura kanpoan uzten”.

Abenduaren 3an, ekitaldi nagusia
Inklusiorako “gero eta sentsibilitate handiagoa dagoela onartuta” ere, argi dute “oraindik gainditu beharreko aurreiritziak eta mugak” daudela. 2026ko kanpainak “urrats bat gehiago” izan nahi du “inklusioa naturala den gizarte batera hurbiltzeko, non adimen desgaitasuna duten pertsonak edozein lekutara joan ahal izango diren, edozein jardueratan parte hartu ahal izango duten eta inork ez duen ziurtzat joko egin dezaketena edo egin ezin dezaketena”.

Ironia puntu batekin, aitzakia horiek berrikustera, horiei barre egitera eta horiek zalantzak jartzera gonbidatzen du jendartea kanpainak: “Asmo ona izatea ez da beti nahikoa: inklusioak entzutea, galderak egitea eta, batez ere, aukerak eskaintzea eskatzen du”.

Gipuzkoako hainbat eskualdetan aurkeztuko dute kanpaina, eta Atzegiko familiak lurralde osoan 3.000 kartel banatzeaz eta jartzeaz arduratuko dira. Kanpainari lotutako ikus-entzunezko bi pieza –Nerea Garmendia beasaindarra da bi piezetako batean aktore– ere sortu dituzte. Kanpainari amaiera emateko, abenduaren 3an, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko egunean, ekitaldia izango da Donostiako Antzoki Zaharrean, 18:30ean. Joan nahi dutenek gonbidapenak eska ditzakete atzegi@atzegi.eus helbide elektronikora idatzita edo 943 42 39 42 telefono zenbakira deituta.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa