Azaroaren 25a iruditan
San Andres jaiak

Mozorroak, odolkiak eta omenaldiak

San Andres jaien bigarren asteburua ekintzaz beteta. Omenaldiak eta aitortzak hainbat herritarri.

Juanita Murgiondo iaz Ormaiztegin. Bera da astelehenean omenaldia jasoko duenetako bat. Lide Egizala

Ormaiztegiarrak San Andres jaietako bigarren asteburuari heltzeko prest daude dagoeneko. Ander Deunaren egunarekin amaituko dituzte jaiak astelehenean, baina oraindik, festez gozatzeko makina bat egun dituzte aurretik. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egokitu dira aurten parean, eta festa eta festa artean, bozkatzera joateko tartea hartu beharko dute ormaiztegiarrek igandean. Ezohiko egoera da; azken 40 urteetan beste behin bakarrik gertatu delako ustea dute udaletxeko langile beteranoenek. 

Asteburuan eta astelehenean pilatuko dira festa egitarauko ekintza nagusienak, baina gaur ere izango da besterik. Goizean eta arratsaldean, Ezkurdia ostatuko pastak egiteko elkartuko dira San Andres herri eskolako ikasleak eta Oin Harriak jubilatu elkarteko kideak Basotxulo elkartean, belaunaldi arteko harremanak sustatzeko helburuarekin. Ostiralean, aldiz, haurrei zuzendutako ekintzak eta musika emanaldiek osatuko dute eskaintza.

Mozorrotuen eguna

Larunbatekoa izango da jaietako bigarren asteburu honetako egun handietako bat: Mozorrotuen eguna. Neguko eguraldia iragarrita dagoen arren, ormaiztegiarrek badakite eguraldi txarrari aurpegi ona jartzen eta jantzi koloretsuz beteko dituzte beste urte batez herriko bazterrak. Aurten inoiz baino jendetsuagoa izango da mozorrotuen bazkaria. Guztira, 540 lagunek eman dute izena eta txartelak erosteko epea aurreikusi baino lehenago itxi behar izan zuten pasa den astean. Udaletxetik adierazi dutenez, «iaz baino 60 pertsona gehiago» elkartuko dira Zubipeko jantoki inprobisatuan. 

Odolkirik gabeko San Andres festarik ez dagoenez, igandean, hauteskundeen baimenarekin, jaki estimatu hau izango da protagonista nagusia. Bertako elikagaien eta artisautza produktuen azokaren baitan ospatuko dituzte beste behin, 39. odolki lehiaketa, 28. odolki osagaien lehiaketa eta plateren 24. sukaldaritza lehiaketa, besteak beste. Zazpi harategik hartuko dute parte odolki lehiaketan: Beasaingo Mendiko Odolkiak, Arrasateko Izagirrek, Ezkio-Ormaiztegiko Jesus Mari Debak, Ibarrako Joxe Mari Barriolak, Ormaiztegiko Maira Peñarandak, Ordizia eta Beasaingo Mujikak eta iaz irabazle suertatu zen Zaldibiako Bekokarnizeriek.

Lehiaketa eta omenaldiak 

Aurten, omenaldi berezia egingo diete urtetan Odolki Egunean parte hartu duten herriko harakinei eta nekazariei. Iñaki Murua, Jexux Mari Deba, Iñaki Campos eta Jexux Mari Garmendia odolkigile eta odolkigile ohiek jasoko dute batetik herritarren aitortza. Campos eta Deba aspaldi jubilatu ziren arren, jarraipena izan dute euren negozioek; Garmendiak berriki hartu du erretiroa Camposen jabetzakoa zen Erosleko harategian eta Muruak urtea hastearekin batera zintzilikatuko du mantala. 

Beraiekin batera, omenaldia egingo diete baita Juanita Murgiondo eta Maria Jesus Oria baserritarrei ere. Ormaiztegikoak ez diren arren, —Mutiloakoa bata eta Itsasokoa, bestea— urteak daramatzate azokan eta odolkien osagaien lehiaketan parte hartzen; eta «Ormaiztegiko azokarekiko beti erakutsi duten konpromisoagatik» jasoko dute herriaren aitortza.

Ander Deunaren eguna

Herriko zaindariaren egunarekin amaituko dira jaiak, astelehenean. Herri kirol jaialdia izango da goizean, meza nagusia eta eta hamaiketako herrikoiaren ondoren. Aurretik, eskertza ekitaldia ere egingo dute, herrian kultur eta gizarte arloetan lanean dabiltzan hainbat boluntariori. Gabonetan baserriz baserriko kantu eskea antolatzen duten Eneko Maiz, Haritz Maiz eta Xabier Lasari batetik; eta, parrokian behar dutenei laguntzen eta garbiketa lanak egiten dituzten boluntarioei, bestetik. 

Arratsaldean, haurrentzako jolas parkea jarriko dute Zubipen eta, jaiei amaiera emateko, ohiko Benta Zaharreko Mutiko Alaien emanaldiaren faltan, Uxue Kerejeta musikari zumarragarrak kontzertu akustikoa eskainiko du 18:30ean, gizarte etxean. 

Jaietako egitaraua osorik ikusi: San Andres jaiak 2026

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa