Azaroaren 25a iruditan

Xabier Badiola eta Saguxarren kontzertua, Keixpe zikloan

Igande eguerdian, Keixpe musika zikloko hirugarren saioa egingo dute Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Xabier Badiola eta Saguxar musikariek beren disko berriak aurkeztuko dituzte. Estiloz desberdinak izanagatik, biek dute soinu giro pertsonal eta gozo bat, entzulea murgilarazteko modukoa. Musikari gazteak dira, baina haien lanak aurtengo diskorik nabarmenenen artean daude.

Xabier Badiola gitarrista fina da, kantugile sentibera, letragile lirikoa. Entzule ugari liluratu zituen 2023an ahots eta gitarra hutsez grabatutako lehenengo diskoarekin, eta oraindik eta indar handiagoz iritsi da Leiho ondoan xori bat bigarren lana, udaberrian kaleratua.

Saguxar Ane Segurolaren izen artistikoa da. Animalia gautar bat, eguerdi argitan. Izan ere, edozein egoeratara egokitzen dira bere dream-pop eta ambient doinuak. Bere eskuz ondu, grabatu eta plazaratu zuen Sei mila urte estreinako diskoa (2024), eta atera berri du Airea aldatu egin da bigarrena, Humo Internacional zigiluarekin.

Igandea hauteskunde eguna dela eta, kontzertua lekuz aldatu dute. Juan de Lizarazu aretoan izango da, 12:00etan, Maddi Iraeta Irigarairen Berak badaki erakusketako pinturez eta marrazkiez inguratuta. Sarrera librea izango da.

Keixpe zikloa Urretxu-Zumarragako Kalegorrian kultur elkarteak antolatu du udazkenerako. Urtea bukatu arte, kontzertu bat izango da hilero, azken igandean. Lehen kontzertua iraileko azken igandean izan zen eta bigarrena urriko azken igandean. Azkena abenduaren 27an izango da: Gori Gori musika eta performance proiektua.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa