Zeraingo eskola berriaren proiektua artxibatu du Hezkuntzak
Premiazko bilera deitu dute udalak, Basarte guraso elkarteak eta herri eskolak astelehenerako.
Zeraingo Udalak, Zeraingo herri eskolak eta Basarte guraso elkarteak premiazko bilera baterako deialdia egin du datorren azaroaren 30erako, astelehena. Bileran Zeraingo eskola berriaren proiektuari buruzko azken berriak partekatu nahi dituzte herritarrekin, Eusko Jaurlaritzak aste honetan, proiektuaren espedientea artxibatzeko erabakia jakinarazi eta gero.
Zeraingo Udaletik adierazi dutenez, badira 9 urte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean, eskola berriaren proiektua lantzen hasi zirela. «Urte guzti hauetan pauso ezberdinak eman dira eta azken pausuetan geundela, ustekabean eta bat-batean ondorengo ebazpena jaso dugu Eusko Jaurlaritzatik», adierazi dute.
Hezkuntza Sailak helarazitako ebazpenean, ondokoa adierazi du: «Zeraingo Herri Eskolarako instalazio berriak eraikitzeko eskaerari buruz izapidetu den espedientea artxibatzea artxibatzea erabaki da, ez baita egiaztatu aurreikusitako jarduketa justifikatzen duen hezkuntza premia objektibo eta egiaztaturik».
Era berean, ebazpen honekin ez dela «administrazio bidea amaitzen» adierazi du Hezkuntza Sailak eta Zeraingo Udalari jakinarazi dio «haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean». Astelehenean 18:00etan egin dute hitzordua kultur etxean, gaiari buruz eztabaidatzeko.













