Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Ireki dituzte hautetsontziak

54.455 goierritarrek dute gaur botoa emateko eskubidea, 2023ko hauteskundeetan baino 976 lagun gehiagok. 09:00etan ireki dituzte Goierriko 22 udalerrietako 42 hauteslekuetako 89 mahaiak, eta 20:00etan itxi.

Herritar bat botoa ematen, gaur goizean, Zaldibian. Iñaki Gurrutxaga

Zabaldu dituzte dagoeneko Espainiako Gorteetaratako Hauteskundeetako hauteslekuak. Goierrin 42 hautesleku eta 89 hautes-mahai daude, eta 54.455 goierritar dira gaurko hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea dutenak, 2023koetan baino 976 herritar gehiagok –%1,83ko igoera–.

Hautetsontziak 09:00etan ireki dituzte eta 20:00ak arte egongo dira zabalik. Bi boto-papera egongo dira hautesleen eskura: zuriak Espainiako Kongresurako diputatuak aukeratzekoak dira, eta izokin koloreak Espainiako Senatuko ordezkariak aurkezteko. Adituen arabera, aspaldiko parte-hartzerik handiena espero da gaurko hauteskundeetan. 2023ko hauteskundeetan %67koa izan zen parte-hartzea.

Goierriko 11 hautagai
Diputatuen Kongresurako alderdien zerrendetan Goierriko sei politikari daude: PSOEtik, Rosa Maiza Garrido zumarragarra (5.), eta ordezko gisa Alex Gonzalez Duque urretxuarra (2.) eta Iñaki Dubreuil Txurruka ordiziarra (4.); EAJtik, Olatz Arrese Imaz beasaindarra (5.), eta ordezko gisa Maria Luisa Valles Fernandez beasaindarra (3.); eta PCTE Partido Comunista de los Trabajadores de Españatik, David Nieto Jabato beasaindarra (5.).

Senaturako zerrendetatik, bost dira goierritarrak: EH Bildu-ERC (Senaturako elkarrekin doaz) koaliziotik, Olaia Duarte Lopez beasaindarra (3.); eta EAJtik, Luke Uribe-Etxebarria Apalategi beasaindarra (1.), Garbiñe Mendizabal Mendizabal zaldibiarra (2. hautagaiaren 2. ordezko gisa), Xabier Insausti Sarasola beasaindarra (3.) eta Jon Olano Arrese beasaindarra (3. hautagaiaren 2. ordezko gisa).

Hauteskundeen jarraipena
GOIERRIKO HITZAk, igandean, hauteskunde egunaren jarraipena egingo du webgunean. Behin hauteslekuak itxita, herriz herriko datuak emango ditu.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa