
Zigorrak batzeko neurriaren gainean, Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain daude goierritar presoen senideak. Jai egunek eragindako geldialdiaren ondoren, Auzitegi Goreneko epaileak datorren asteartean bilduko dira, hilaren 13an. Akusazio beragatik Europar Batasuneko beste herrialderen batean betetako kartzela zigorrak Espainiakoarekin bateratu edo ez adostu beharko dute; Europak 2008an indarrean jarritako zuzentaraua bete ala ez. Espainiako Auzitegi Nazionalak lau euskal presori Frantzian betetako denbora kontuan hartu eta Espainiako zigorrari kentzeko agindu zuen. Tartean, Pako Mujika ordiziarraren zigorrak batzeko eskaera egin zuen epaitegiak. Fiskalak, ordea, neurriari helegitea jarri zion. Kepa Pikabea hernaniar presoaren auzia aztertuko du Auzitegi Gorenak, eta gainontzeko kasuetarako oinarriak jarriko dituzte horrela. «Itxaropentsu» daude Pako Mujikaren senideak. Hala azaldu zion Kepa anaiak Goiberriri. Parot doktrina gisa ezagutzen den 197/2006 doktrina juridikoa Europako Auzitegiak bertan behera utzi zuen askatasunerako eskubidea eta segurtasun juridikoa urratzen zituelakoan; horregatik, Espainiako epaitegiak neurria aplikatu beharrean aurkituko direla uste du Kepa Mujikak. Auzitegi Nazionalak Pako Mujikaren zigorra batzeko emandako aginduari ere helegitea jarri zioten senideek. Izan ere, ordiziarraren kasuan Frantzian betetako 8 urteak murrizteko agindu zuen Auzitegi Nazionalak. Mujikak, ordea, 10 urteko zigorra bete zuen; luditzeei esker atera zen lehenago. «Kontuan hartu diotena kartzelan egindako denbora izan da, baina Europako testuak dio zigorrak batu behar direla, beraz guk [...]

Matematikaren eta xakearen loturak zabalduko ditu Lemniskata elkarteak urtarrilaren 16tik 31ra bitartean. Loteria egokitu zaien zorionekoak telebistaren pantailan adierazpenak egiten ari dira Goyo Lekuona eta Jose Luis Etxezarreta Lemniskata elkarteko kideei hitzordua egindako tabernan. Loteria ez da baina zori kontua, matematika kontua baizik. Areago, adibide hori bera landu zuten iazko Lemnikastaren jardunaldietan. Etxezarretak berretsi egin du baieztapena pantailara begira, «inon baino gehiago erosten bada administrazio jakin batean, han egokitzeko probabilitatea handiagoa da, jakina». Dena dela, bere ustez gizakiak zorian sinestea gustukoa du: «Engainatzen gaituztela eta egokitzea zaila dela jakinda ere, badaezpada jokatzen dugu: egokituko bada?». Loteriarena adibide bat da. Matematika, eta zientziaren beste adar asko ere, egunerokoan zeinen presente dauden agerian uztea da Lemniskata elkartearen xedeetako bat. Xede horren eskutik doa zientzia zabaltzea, dibulgatzea, hurbiltzea eta edonoren eskura ipintzea. Lekuonak dioenez, «jendeak interesa dauka, baina zientzia ez ulertzeak beldurra eragiten du». Lemniskatakoak izu hori hautsi bidean daude: beren jardunaldietara 150 lagun ere bildu izan dira. Lemniskata, infinituaren ikurraren izena da eta elkarteak, izenaz gain, hiru dimentsiotako infinituaren ikurra ere bere egin du. Iazko jardunaldietan matematikari darion musika edo musikari darion matematika agerian utzi zuten. Aurten xakeari helduko diote urtarrileko jardunaldietan. Zientziaren izenak Urtarrilaren 16an Leontxo Garcia iruindarrak hasiera emango die [...]

Durangori lekukoa hartu eta liburu eta disko azokak egingo dituzte asteburu honetan Goierriko hainbat txokotan. Irakurleei literatura Euskal literatura eta musikagintzarako zaletasuna sustatzeko asmoz, liburuak eta diskoak kalera ateratzeko apustua egin zuten orain dela mende laurden Goierriko hainbat txokotan. Gaur egun Euskal Herrian erreferente bihurtu den Durangoko Azokaren biharamunean bost dira azoka egiten duten herriak bailaran: Lazkao, Beasain, Ordizia, Ataun eta Segura. Literatur ekitaldiak, deskontuak, zozketak… guztien artean sendotu dute euskal kulturaren goierritar topaketa. Urteurren berezia izango du aurtengoa Beasaingo disko eta liburu azokak; 25 urte bete baitira AEK azoka antolatzen hasi zenetik. Hainbeste urteren ondoren, hogeitabosgarrenez mahaiak eta liburuak prestatu eta azoka egitea bera izango dute urteurren oparirik politena. Ibilbide luzearen ondoren, gorabeherak tarteko, azokari ekiteko gogoz daude Jaione Barandiaran eta Karmele Santoyo. AEK-ko ikasleak euskal literaturara gerturatzeko asmoarekin ekin zioten azokari Beasainen. Euskaltegian egiten zuten irakurle kanpaina herritar guztiei zabaltzea zuten asmoa. Kale Nagusiko lokaletan egiten bazen hasieran, geroago kalerako saltoa eman zuten. Hainbat urteren ondoren, herriko kultur eragile ugariren arteko elkarlanarekin antolatzen da azoka. Orduko hartan AEK-k Ordizian ere antolatu zuen azoka. Hainbat urtetako etenaren ondoren, berriro berreskuratu zuten han ere. «Zuzenean ekartzen genuen materiala argitaletxeetatik; aurrera eta atzera ibiltzen ginen azoka egunetan», gogoratzen du Santoyok. Hasiera [...]

Beste ikasketa batzuetan ez bezala, antropologia ikasgeletan hainbat diziplinek bat egiten dute. Ikasgeletatik kanpo, antropologiaren jardunean komunikazio eta publizitate lizentziadun bik arkitekto tekniko batekin topo egin eta ikerketa berean murgiltzea ez da ezinezkoa. Eta ezinezkoa ez denaren froga da Uzuri Aboitizek, Luxia Iriondok eta Beñat Garmendiak osatutako taldea. Lehenengo biak komunikazio eta publizitate lizentziadunak dira, eta Garmendia arkitekto tekniko ordiziarra da. Hiruen artean Ordiziako azoka, kasu etnografiko bat ikerlana burutu dute. Gerriko Bekari esker egindako lanean Ordiziako azokarien jarrera ekonomikoak aztertu dituzte, eta aldagai ekonomikotik abiatuta azokako saltzaileen portaera sozialei eta kulturalei erreparatu diete. Ikerlariek Ordiziako azokan astero-astero elkartzen diren aktoreen portaerak deskribatu eta aztertu nahi zituzten. Landa lana garatuz joan ziren heinean ikerketa objektua zehaztu, eta jarrera ekonomikoetatik abiatzea erabaki zuten. Ikertu dituzten alderdi nabarmenenak honakoak dira: azokarien ekoizpen logikak, azokariek nola ezartzen dituzten prezioak, erosleen eta azokarien arteko harremanek nola eragiten duten prezio sisteman, produktuak neurtzeko erabiltzen diren sistemak eta sexuaren araberako lan-banaketa. Bidean, Karl Polanyi antropologoaren lana izan dute oinarri. Polanyi-k ekonomia prozesu sozialen barruan txertaturik ageri dela zioen, eta hiru ikerlariek Ordiziako azokari buruz egindako ikerketa etnografikoan maila ekonomikoan gertatzen diren alderdiak aldagai sozialei, politikoei eta kulturalei lotuta agertzen direla frogatu dute. Kontakizun konplexua Azokarien portaera [...]

Gerturatzen ari da azkenaldian ahoz aho, egunkariz egunkari eta auzitegiz auzitegi ibili den eguna. Etzi bertan da A-9a, azken urteetan data garrantzitsu guztiek bezala dagoeneko laburdura duen eguna. Ezustekorik ezean, kataluniarrek euren burua estatu espainiarretik kanpo nahi duten ala ez esateko aukera izango dute etzi, Artur Mas presidenteak deitutako kontsulta alternatiboan. Alternatiboa, hasierako galdeketa bertan behera uzteko agindua eman baitzuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. «Ez dakigu azkenean zein egitura izango duen galdeketak, baina, nire ustez, parte hartze handia izango da, eta estatu berri bat sortzearen aldeko jarrera nagusituko da», adierazi du Andoni Santoyo ordiziarrak. 22 urte daramatza Bartzelonan bizitzen; soinu teknikari ikastaro bat egitera joan zen, Goierrira itzultzeko asmotan, baina han geratu da lana eta bikotea aurkituta. Etziko galdeketan parte hartuko du Santoyok. «‘Si i si per canviar-ho tot’ izango da nire aukera: bai eta bai, dena aldatzeko». Eta gehiengoaren aukera ere horixe izango dela uste du. «Jendea aspertuta eta nazkatuta dago Espainiatik jasotako mespretxuarekin», adierazi du. «Jendea aspertuta eta nazkatuta dago Espainiatik jasotako mespretxuarekin» Andoni Santoyo (Bartzelonan bizi den ordiziarra) Bartzelonan daramatzan 22 urteetan aldaketa handiak nabaritu ditu Santoyok. Hasieran, hara joan zenean, konturatu zen sentimendu kataluniarra Diada edo Sant Jordi egunetan baino ez zutela aldarrikatzen. «Euskal Herrian eguneroko kontua zen, kalean [...]

Haztea eta zabaltzea oinarri duen sistema ekonomikoa izanda, kapitalismoak herrialde okupatuetako herritarrek migraziora jotzea ekarri du. Immigrazioari begirada sozio-ekonomikoa bota dio Miren Etxezarreta ekonomialariak. Bizimodu hobea zuten jomuga Ameriketara joan ziren poloniarrek, italiarrek nahiz euskaldunek. Ogibidea behar zuten, lana. Itsasoz bestaldera joan behar izan zuen herrialdea izatetik, migranteak jasotzen dituena izatera pasa da Euskal Herria. Agerian dauden elementuez harago, migrazioen fenomenoa sozioekonomiaren ikuspegitik aztertu du Miren Etxezarreta ekonomialariak. Ordiziarra da jaiotzez Etxeberria, baina ia 40 urte daramatza Bartzelonan. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Katedradun emeritua da Ekonomia Aplikatuan. Hain justu ere, Kapitalismoa eta immigrazioa: begirada sozio-ekonomikoa hitzaldia egingo du Ordiziako Barrena kultur etxean datorren ostegunean, azaroaren 6an, 18:00etan. Migranteen gaineko zurrumurruak geldiarazi eta aniztasunaren onarpena bultzatzea xede duen ZurrumurruEz! egitasmoaren barruko hitzaldia da. Migrazioen kausez, herrialde hartzaileetan dituen ondorioez eta herritarren jarreraz aritu da Etxezarreta GoiBerrirekin. Hazi eta zabaltzea beharrezko duen sistema ekonomikoa da kapitalismoa. Gero eta eremu gehiago bereganatzearekin batera, eskulana merkantzia gisa erabiltzen du irabaziak lortzeko azken helburuarekin. Herrialde gehiago okupatzen joan den heinean, bertako herritarrak aukerarik gabe gelditu dira, migratzea besterik. Aldaerarik okerrenean Migrazioa kapitalismoa baino lehenagoko fenomenoa da; historikoki batera eta bestera ibili izan da gizakia. Bizimodu bila, eta gerrarengadik edo gosearengandik ihesi. Garai bakoitzean pertsonen mugimenduek ezaugarri [...]

Zeraingo meategi barrutitik gora joanda dago Oa mendia. Gain ederra da, Aizkorriko mendizerraren erpin batean. Harri lekua izanik —Harripilata ere deitzen zaio—, harrobi eta hargintza lanak garrantzi handia izan zuten, antzina, eremu horretan. Oako harri mota oso estimatua eta erabilia izan zen eraikuntzan. Historiaurretik, esan beharko da; tumulu edo harrespila bat ere badago eta. Josetxo Zufiaurre Goia etnografoak ikusiak ditu hango hargintza aztarnak. «Harri klase bat dago, hareharria, gorrixka. Baina marmolaren antzeko beta bat dauka, ilunagoa. Oso ona da lantzeko, eta polita gelditzen da. Zeraingo elizaren kanpandorrea hango harriarekin eginda dago, eta inguruko herri batzuetakoa ere bai», azaldu du Josetxo Zufiaurrek. Harria egonik, baina, harginak ateratzeko paraje ezin hobea ere izan zen Zerain. Aizpeko auzoko baserri ugarietatik mutil gazte asko joan zen lanbidea ikastera. «Ingurua dena baserriz beteta dago. Han lanean aritzen ziren harginak baserri horietan egongo ziren, apopilo-edo, bat baino gehiago». Haiei segika, eta «familia luzeak» zirenez, neguan batik bat lana gutxitutakoan mutil gazteak Oamendira igotzen ziren, hargintzan ikastera. Bi osagai horiek batuta, Zerainek ospea hartu zuen eraikuntza munduan. «Batetik, harri hori polita zelako; eta, bestetik, hargintzan ikasitako asko zeudelako», dio Zufiaurrek. Harginak esportatu Herrietan elizak berritzeko urrezko aroa XVI. eta XVII. mendeak izan ziren, dirua bazegoelako. Ordura [...]

Gutxik irudikatuko zuen, 1979an, praka motzak jantzita errepidean korrika egiteko ohitura zer nolako arrakasta izango zuen 35 urte geroago. Ataunen zenbaitzuk ikusi zuten zerbait, eta Oargi-Troskaeta elkarteak Hiru Auzoetako Korrikaldia antolatzeari ekin zion. Urte batean huts egin ondoren, igandean 34. ekitaldia du. Lasterketa berezia da Korrikaldia. Batetik, ibilbideagatik: Gipuzkoako herri luzeenaren fama baliatuz, Ataungo hiru auzoak lotzen ditu, joan-etorrian. Bestetik, gogortasuna: San Martingo plazako 198 metroetatik 400era. Gaur egun 17,8 kilometroko ibilbidea osatzen du. Baina ez da beti hala izan. Aurreneko hiru urteetan maratoi erdiko distantzia (21 kilometro) zuen Korrikaldiak. Kurioski, hiru lasterketa haiek Agustin Zabaleta leitzarrak irabazi zituen, 1979koa, 1980koa eta 1981ekoa. Neurri horretako denbora marka 1:07:47 orduan geratu zen. Ondoren, 1982tik aurrera, beste urte mordoxka batean 17 kilometro pasakoa izan da, maratoi erdia «gogorregia» zela eta. Hor bada aldagai bat, hain justu denbora-markak puskatzea zailtzen duena. Zenbait antolatzailek dioenez, gaur egungo ibibildeak 300-400 bat metro gehiago du, hasieran bi itzuli egin eta atzeko bidetik joaten direlako korrikalariak. Hala, gizonezkoetan indarrrean dagoen marka Pello Garinek 1990eko hamarkadan jarritakoa hartzen dute: 56:12. Emakumezkoetan, 2010ean Maite Maiora elgoibartarrak hautsi zuen lehenik, eta 2011n Leire Elosegik ondu zuen, orain indarrean dagoen 1:07:13. Hasieran ekainean jokatzen zen, San Martin auzoko jaiak orduan egiten [...]

