Kezka agertu dute bi herrietako alkateek azken datuen gainean, baina lasaitasun deia zabaldu dute herritarrentzat. Ingurumen Sailaren emaitzen berri jakiten azkenak izan direla ere gaineratu dute.
Zumarragako EH Bilduk adierazi duenez, herrian dagoen airearen kalitatea kontrolatzeko kabinan «PM 2,5 partikulak neurtzea posible izango da aurrerantzean». Eusko Jaurlaritzak Interneten zintzilikatuta duen orriari egiten dioten jarraipenari esker jakin du albistea. Esan duenez, «martxoaren 7tik aurrera datuak ematen hasi da» jada, neurgailua.
'ParteCar' aplikazioa etzi jarriko dute erabilgarri. Antzeko bidaiak egin behar dituzten erabiltzaileak harremanetan jarriko ditu kotxea konpartitzeko. Auto kopurua txikitzea, isuriak gutxitzea eta airearen kalitatea hobetzea da helburua
Joan deneko bost sei urteetan itxita dagoen Bilore lantegiari irtenbideren bat emateko eskatu dute gaur eguerdian dozenaka zaldibiarrek, Zaldibiako lantegiaren aurrean egin duten elkarretaratzean. Horrez gain, sinadura emateko aukera izan dute herritarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Bilore deskontamina dezaten eskatzeko. Zaldibiako Udaleko Kudeaketa Batzordeak eta dozenaka herritarrek Zaldibia arriskuan dagoela irizten diote, lantegiaren hainbat egitura kolokan baitaude eta enpresa barruan jende asko dabilelako gau eta egun bertatik txatarra ateratzen. Duela hamar bat egun piztu zen, ordea, alarma. Ramon Nazabal kudeaketa batzordeko lehendakariak zehaztu duenez, herrian “usain jasanezina” eta Bilore inguruan “ke beltza” zabaldu zen. Biloreko langile ohiek udal ordezkariei esan zietenez, amiantoak su hartu zuen hodi batzuk mozten ari zirenean, eta herritar ugari eta inguruko bizilagunek larritu egin ziren. “Gaur egun Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak eta Diputazioak beste aldera begiratzen dute. Nori dagokio egoerari aurre egitea? Ingurumen sailak kutsatutako lur eremu izendatu zuen Bilore. Nola eta nori dagokio egoera hau kudeatzea?”, galdetu du Nazabalek.