txirrindularitza

Olaberrian urte osora zabalduko dute Eskola Txikien ospakizuna

Olaberriko herri eskolak, Kuttun-Zeba guraso elkarteak eta udalak ekin diete datorren urtean Olaberrian ospatuko den Gipuzkoako Eskola Txikien Eguna girotzeari. Ekainaren 9an izango da festa, baina ekitaldiak urte osora zabaltzeko asmoa dute. Aurrenekoa igandean izango da, txirrinduaren eguna. Euskaltel taldeko Gorka eta Ion Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrak gonbidatuko dituzte, baita txirrindularitza egokituan ibiltzen den Guillermo Prieto olaberritarra ere. Igandean 10:30ean hasiko da egitaraua, San Joan plazan elkartuta. 10:45ean txirrindulariei elkarrizketa egingo diete, eta txirrindu baten erakusketa egingo dute. 11:30ean txangoa egingo dute. Sei urtetik beherakoek eta handik gorakoek zirkuitu bana edukiko dituzte. Haur txikiek molto motako motoekin egin ahalko dute ibilbidea; handiek 2 kilometroko bidea eta txikiagoek 800 metrokoa dute. 13:00etan hamaiketakoa zerbitzatuko dute: txorizo egosi ogitartekoak, sagardoa eta ardoa salduko dituzte. Opariak zotz egingo dituzte. Aurkezpena astelehenean Gipuzkoako Eskola Txikien festaren aurretiko egitaraua, urtean zehar garatuko dena, astelehenean jakinaraziko dute. Herri aurkezpena egingo dute, udaletxeko batzar aretoan. Herriko elkarte, enpresa eta interesa izan dezakeen herritar orori festaren berri eman eta laguntza eskatuko diete: «Bai laguntza ekonomikoa, zerbitzu mailakoa, azpiegituretakoa, festa egunean bertan laguntzeko… Edozein motakoa dela ere ongi etorria izango da», azaldu dute antolatzaileek.

Aimar Maiz

Garikoitz Bravo: “Euskaltelera joatea orain arte eman dudan pauso handiena da, urtetako ahaleginaren saria”

Euskaltel txirrindulari taldeak goierritar bat gehiago edukiko du, datorren sasoitik aurrera. Garikoitz Bravo lazkaotarrak bi urterako kontratua sinatu du, Caja Rural kontinentalean hiru denboraldi aritu ondoren. Pozez kabitu ezinik da Garikoitz Bravo txirrindularia (Lazkao, 1989), eta bi astean «emozionatuta» egon da jauziarekin. UCI ProTourren jarraitzea jaistea baino errazagoa ikusten du, eta goren mailan ariko da, Izagirre anaiekin. Itzuli handi bat probatzeko gogoa du. Zuzendariak esandako «edozer» egiteko prest da, baita aukera emandakoan aprobetxatzeko ere. Zer suposatu du zuretzat Euskaltel taldeak fitxatzeak? Eman dudan pauso handiena. Hainbeste urte ahalegina eginez, beti talde txikietan, eta behingoagatik iritsi da saria. Ekipo serioa da, handia, eta maila altuenean dago. Beraz, niretzat gorena da. Zer moduz sentitzen zara? Pare bat astean gorputza arraro eduki nuen. Asumitzen duzu ekipoak zurekin kontatu behar duela, baina ideiara egin gabe. Bizikletan irteten zara, mundu guztiak galdetzen dizu, herrian ere bai… Ni, emozionatuta. Nola izan da fitxaketaren prozesua? Orain dela hilabete eta erdi izan zen. Duela lau urte Fundazioarekin egin nituen proba batzuk, baina ordutik ezer jakin gabe ibili naiz. Zortea izan dut. Caja Ruralekin kontratua eta baldintzak negoziatu beharrean geunden. Antonio Vaqueriza ordezkariarekin hasi nintzen, eta, hari esker, hemen aurkitu dit postua. Dudarik gabe, berak sartu du muturra. Bi [...]

Aimar Maiz

Larraitzera txirrindulari igoera herrikoia egingo dute bihar, Zaldibian

Zaldibiako txirrinduzaleek proba herrikoia dute, bihar, larunbata. Pontzio Memoriala lasterketa jokatuko da, 11:00etan hasita. Herriko plazatik abiatu, inguruan kilometro batzuk osatu berotzeko, eta jarraian Larraizko maldari ekingo diote. Hamar bat kilometroko saioa izango da. Herritarren arteko “lehia sanoa eta txirrindularitza bera” bultzatzea dira probaren eginkizunak. Irten nahi duen edonorentzat zabalik dago.

Aimar Maiz

Txirrindulari proba bana jokatuko dira asteburuan Lazkaon eta Zaldibian

Bi txirrindularitza proba jokatuko dira Goierrin asteburuan. Larunbatean, irailak 22, Lazkaon juniorrak eta 2. urteko kadeteak ariko dira, Udazkeneko Kriteriuma lehiaketaren barruko lasterketan (96 km). 16:00etan hasiko da, eta 18:24an bukatuko den aur...

Aimar Maiz

Miguel Angel Aguilera izan da azkarrena XXI. Beasain Proban

Fermasa taldeko Miguel Angel Aguilera espainiarrak irabazi du XXI. Beasain Proba. Hego Euskal Herriko eta Espainiako talderik onenetako 200 txirrindulari inguru aritu dira lehian, eta azken kilometroetan hasitako ihesaldi bati esker, Aguilerak jaso zituen besoak Beasaingo helmugan. Lierniatik Olaberrira bitarteko zatian ihes egin zuen, Jon Madariagarekin batera; Olaberrian gora ordea, Aguilerak atzean utzi zuen iheskidea. Beasaingo helmugan, 39 segundo atera zizkion bigarren sartu zen Juan Antonio Lopezi; Jon Madariagak osatu zuen podiuma, irabazlearengandik 45 segundora. Beasaingoa, junio mailako mundialaren aurreko proba izan da, eta bertan erabaki dira parte hartuko duten txirrindularien izenak. Espainiakoarekin, goierritar bat joango da Herbeheretara, Iker Azkarate lazkaotarra.

Beasaingo Hitza

Marcos Juradok irabazi du 85. Loinatz Klasika

Seguros Bilbao taldeko Marcos Jurado izan zen azkarrena atzo, Beasaingo 85. Loinatz Klasikan. Hogeita bost taldek eta 200 txirrindularik parte hartu zuten Goierrin barrena egindako 148 kilometroko ibilbidean. Zazpi laguneko taldea iritsi zen Beasainera, baina azken metroetan, sprinta hasi eta segundu batzuetako tartearekin iritsi ziren denak. Juradok lau segunduko aldea atera zion bigarren sartu zen Jon Larrinagari (Naturgas). Podiuma, Alberto Gallegok (Andalucia) osatu zuen. Taldekako sailkapenean, Bidelan kirolgi izan zen denborarik onena egin zuena. Tarteko helmugetan ere, talde horretako Unai Iparragirrek eraman zuen saria; mendikoa berriz, Andalucia taldeko Alberto Gallegok. Berrehun lagun zeuden lasterketarako izena emanda, eta horietatik 197 abiatu ziren irteeran. Denera 91 lagun erretiratu ziren, eta hortaz, 106 izan ziren lasterketa bukatu zutenak. Aurrealdeko txirrindularien bataz besteko abiadura, orduko 40,7 kilometrokoa izan zen.

Beasaingo Hitza

Pello Olaberria mutiloarrak irabazi du junior mailako Gipuzkoako txirrindulari itzulia

Ibilbidearengatik bakarrik ez,  emaitzei begiratuta ere goierritar nagusitasun erabatekoa izan du junior mailako txirrindularien Gipuzkoako Itzuliak. Pello Olaberria mutiloarrak irabazi du lau jardunaldiko lasterketa. Ostiraleko aitzinetapan, Zumarragatik Antiorako kronoigoeran nagusi izan, eta lider jarri zen Olaberria, 15 segundoko aldearekin. Larunbatean, Olaberria-Olaberria lehen etapa Caja Ruraleko taldekide Alex Aranburu beasaindarrak irabazi zuen, ihes eginda bakarrik helmugaratuta. Hark hartu zuen lidertza. Olaberria, ordea, hirugarren sailkatu zen. Igandea, Andoainen, Caja Ruralentzat egun borobila suertatu zen: Iker Azkarate lazkaotarrak irabazi zuen etapa, eta lider ipini zen, Aranburu bigarren lekura pasatuta (17 segundora). Olaberria, etapan bigarren, sailkapen orokorreko hirugarrena zen, 18 segundora. Caja Rural taldeko txirrindulariak aurreneko hiru postuetan zirela, Itzulia Seguran bukatu zen, atzo arratsean. Azkarate liderrak 1:30 galdu zuen helmugan, eta Aranburu bigarrenak 2:10. Handienen pareko erregulartasuna erakutsiz, Pello Olaberriak hirugarren bukatu zuen etapa, Beñat Etxabe irabazlearengandik 7 segundora. Lau egunetako lana aintzat hartuta, Olaberria da txapeldun.

Aimar Maiz

Irene eta Ana Usabiaga ahizpak bikain Espainiako erlojupeko txapelketan

Irene eta Ana Usabiaga txirrindulari ordiziarrek bikain ekin diote Guijuelon (Salamanka, Espainia) jokatzen ari diren Espainiako Txirrindularitza txapelketaren probei. Atzo, erlojupekoan parte hartu zuten biek, eta bietako inork garaipen nagusia lortu ez bazuen ere, 23 urtez azpiko txapeldun atera zen Irene eta txapeldunorde Ana, baina alde oso txikiarekin: 15 ehunen. Anna Sanchis valentziarrak irabazi zuen 19,7 kilometroko erlojupekoa, 27:46ko denborarekin. Irenek –19 urte– laugarren bukatu zuen 1:26ra (29:12) eta Anak –22 urte– bosgarren, denbora berera. Usabiaga ahizpetan gazteena bilakaera bikaina izaten ari da. Iaz, errepideko Gipuzkoako txapelduna izan zen eta erlojupekoan bigarren sailkatu zen Leire Olaberriaren atzetik. Errepideko eta pistako txapelketak ere irabazi zituen iaz, eta errepideko Espainiako Kopan ere nagusi izan zen. Ana, berriz, pistan aritzen da batik bat, eta badirudi bide horretan sakonduko duela. Pistako Espainiako txapelduna izana da. Jon Ander Intsausti bederatzigarren Gervais Memoriala (Gipuzkoako erlujupeko txapelketa) eta Euskadikoa irabazi ondoren, Jon Ander Intsausti txirrindulari mutiloarrak ere atzo parte hartu zuen 23 urtez azpiko erlojupeko txapelketan, eta bederatzigarren bukatu zuen, Marcos Jurado (Gaztela-Mantxa) irabazlearengadik 48 segundura. Lehen euskalduna izan zen Intsausti. Gaur errepideko proban parte hartuko du Intsaustik, eta Usabiaga ahizpek bihar dute errepideko proba.

Ordiziako Hitza

Arriarango BTT probak dozenaka lagun bildu ditu, gazte eta helduen artean

Arriarango bigarren BTT mendi bizikleta proba jokatu dute asteburuan. Gazte eta helduen artean, dozenaka lagun bildu ditu trabesiak. Bietan ere, lagun arteko giroa izan zen nagusi, eta eguraldiak lagunduta –bero egin arren–, gustura aritu ziren txirrindulariak. Helduen probak 26,5 kilometroko ibilbidea zuen, Arriarandik abiatuta, Usurbe, Murumendi, Mandubi eta Kizkitzatik barrena. Denera, 38 lagunek parte hartu zuten helduen saioan. Umeena jendetsuagoa izan zen, eta hiru mailen artean, dozenaka haur bildu zituzten. Antolakuntza taldean ibili den Xiker Mujikak azaldu duenez, «espero baino jende gutxiagok» parte hartu du helduen mailan, iaz 75 lagunek parte hartu baitzuten. Gaztetxoetan, ordea, «parte hartze handia» izan dute, eta alde horretatik gustura gelditu dira.  Ibilbide aldetik dena ondo atera zen, eta parte hartzaileak ere «antolaketarekin gustura» gelditu zirela azaldu du. Probaren amaieran, parte hartzaile bakoitzari kamiseta bana oparitu zieten.

Beasaingo Hitza

Urtzi Muguruzak irabazi du Beasaingo XXX. Usurbe txirrindulari proba

Sumofic Igartua taldeko Urtzi Muguruzak irabazi du XXX. Usurbe txirrindulari laskerketa. Gaur goizean jokatu dute Mikel Etxeberriaren omenezko proba, eta kadete mailako 118 txirrindularik parte hartu dute. Loinatz txirrindulari elkartekoen arabera, antolakuntza aldetik dena “primeran” atera da eta “giro paregabea” izan dute probaren garaian. Urtzi Muguruzak jantzi du txapela. Bere atzetik, Velo Club Tarnos taldeko Cyril Bordes sartu da, bigarren postuan. Inoxcra Beasain taldeko Dani Maiorak berriz, hirugarren egin du. Txirrindulariek 57 kilometroko ibilbidea egin dute, Goierrin eta Tolosaldean barrena.

Beasaingo Hitza
Gehiago
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa