
Rosa Mari Urkia, Bildu koalizioaren zerrendaburua izango da Ormaiztegiko alkate legegintzaldi berrian. Bere alderdiko zinegotzien eta Orbel hautes elkartekoen babesa izan du Urkiak; hala, bederatzi bototik sei jasota, gehiengo osoa lortu du. Eguerdiko 12:00etan egin dute alkatea izendatzeko osoko bilkura, eta jende ugari bildu da batzar aretoan. Txalo artean hartu dute alkate berriaren izendapena. Orain arte alkate izan den Jon Intxaustik aginte makila emanda irudikatu du kargu aldaketa. Agurrean, lau urtez alkatetzan egotea “esperientzia aberasgarria” izan dela azaldu du, eta esker ona agertu die berekin lan egin dutenei. Urkiari eta Bilduri berriz, zorte ona opa diela eta ondoan izango dituztela azaldu die Intxaustik. Rosa Mari Urkiak, Bilduk Euskal Herrian sortu duen “ilusioa eta itxaropena” azpimarratu ditu eta hori herrian irudikatzen saiatuko dela. Udala kudeatzeko eta politika egiteko “modu berri bat” ekarriko dutela dio, “herritarren partehartzea” bultzatuko duena.

Beasaingo Bilduk agerraldia egin du gaur eguerdian, EAJk udalen osaketari begira izan duen “jarrera aldaketa” salatzeko. Beraien esanetan, Bildurekin balizko akordioak izateari ateak itxi eta “PSOEri eta PPri Beasaingo alkatea nor izango den erabakitzen” utziko diela azaldu dute. Hala, Bilduko kideen ustez “PNVk oraindik ezin ditu emaitzak irentsi”. Euskadi Buru Batzarrak esan duen moduan, EAJk bere hautagaia aurkezten badu, “aldaketa erabaki duen herritargoari iruzur berri bat” egingo diola esan dute. Maiatzaren 22ko udal hauteskundeen ondoren, hiru bilera egin dituzte Beasaingo Bilduk eta EAJk. Aurrenekoan, ekainaren 11ra arte ez zutela “inorekin ezer hitz egingo” esan zieten jeltzaleek. Bigarren bilera batean berriz, bi alderdiak euren programak alderatzen hasi ziren, eta hirugarren bilera baterako “aukera guztiak zabalik utziz”. Hirugarren bilera atzo egin zuten. Bertan, EBBk hartutako erabakia jarraituz, EAJk bere hautagaia aurkeztu eta babestuko duela esan zien. Bilduren ustez, erabaki horren atzean, PSE-EErekin eta PPrekin bat egiteko asmoa dago. “PNVk nahiago ditu PSOEko bulegoetan lortzen dituen tratuak, Bilduren inguruan elkartu den aro berri baterako ilusioarekin bat egitea baino”. EAJren erabakia “zilegia” dela uste dute, “baina Beasainen PPko eta PSOEko hiru botoekin legealdi osoa egitea luzea egingo zailea ohartu beharko lukete”. Azkenik, Beasaingo Bilduk “herrian sortutako ilusioarekin ezingo dutela amaitu” gogorarazi du. Hauteskundeetan hartutako [...]

