Elkarretaratzea dago deituta Ataun San Martingo plazan 20:00etan atxiloketak salatzeko
Asko izan dira 70eko hamarkan hasita arrazoi politikoak direla medio ihes egin behar izan dutenak; gaur egun 500 bat iheslari politiko daude, horietako 100 inguru Ipar Euskal Herrian. Ezkututik atera eta hitz egitea erabaki dute. Horietako bat da Xabier Arin ataundarra. 1974. urtean ihes egin zuen Ataundik; «ihes egin beharrean gertatu ginen, oso egoera zailean, ze gogoan dut bi mila Guardia Zibilen hanka tartetik atera ginela herritik». Iparraldean zerotik hasita bizimodu berri bati ekin behar izan zion, eta garai zailak ezagutu zituen: AAA eta GALen atentatuak, kanporatzeak, konfinamenduak, espetxeratzeak… Gaur egun lasai bizi da Azkainen. Familia, etxea eta lana ditu, baina «beti dago nahi bat edo esperantza bat, egunen batez etxera itzuli ahal izatekoa».