2013ko martxoaren 8a: Adierazpen Instituzionala
Beasaingo Udalak honako adierazpen instituzionala egiten du, 2013ko martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko eguna dela eta:
«Gure ustez, funtsezkoa eta estrategikoa da erakundeek berdintasunerako politika publikoak lortzeko baliabideak jartzea. Gainera, Udal honek, honako lehentasun hauek ditu:
– Berdintasunerako politika publikoak garatzea, politika horien eskura aurrekontu eta teknikari egokiak jarriz.
– Programak eta proiektuak aztertu, garatu eta ebaluatzerakoan Udalaren ekintza orok genero-ikuspegia kontuan hartzeko neurriak bultzatzea.
– Emakumeen elkarteekiko eta mugimendu feministarekiko elkarrizketa politikoa indartzea eta behar duten bultzada ematea. Emakumeen parte hartzea indartu, hauen eragina handitzeko asmoz.
– Emakumeek edonondik eta edonola jasan dezaketen indarkeria matxistaren aurkako politikak eta berdintasunerako politikak etengabe uztartzea.
Azkenik, Asmubek martxoaren 8rako egindako deialdiarekin bat egiten dugu eta herritarrak gaur, arratsaldeko 19:00etan, Igartzako Jauregian egingo den ekitaldian parte hartzera ere deitzen ditugu».
Beasaingo Udala.