
Mutiloako zabortegiaren gaiak sortu duen kezka ikusita, herritar talde batek deituta, batzar irekia egin zuten atzo iluntzean, Ormaiztegiko plazan. Antolatzaileek beraiek «uste baino jende gehiago» elkartu zen, 150 lagun inguru. Sarrerako azalpenez gain, herritarrak taldeka bildu eta beraien iritzia emateko aukera izan zuten. Politikariei «gardentasuna» eskatu diete, eta garbi esan dute ez daudela ados Gipuzkoako zabor guztia Mutiloara ekartzeko erabakiarekin. Hala, «antolatzeko eta mobilizatzeko beharra» aipatu dute gehienek. Goierri mailako plataforma bat sortzea ere aipatu zuten; asmo horrekin, beste bilera bat egingo dute datorren asteartean, 18:30ean, Mutiloan.
Aitor Astobiza mutiloarrak azaldu duenez, «jendea kezkatuta» ikusten dute eta gaiaz asko hitz egiten da. «Bilera ireki bat antolatzea pentsatu genuen, jendeak hitz egin eta bere kezkak azaldu ditzan». Hasieratik garbi utzi nahi izan zuten «herritar talde bat» direla eta ez dutela alderdiekin loturarik; «zaborraren gaia oso polemikoa, ertz asko ditu eta bakoitzak bere ikuspuntua du; denak dira baliogarriak. Baina ikusi behar dugu gai honetan nola ados jar gaitezkeen».
Datuak ere eman zituzten. Aitor Iraeta ormaiztegiarraren hitzetan, Ormaiztegik «zaborraren inguruan masterra» egina du dagoeneko. Izan ere, adostutako bilketa sistemarekin %90etik gora sailkatzera iritsi dira. Gipuzkoa osoa kontuan hartuta ordea, ez dira %50era iristen. Hala, batzarrean bildutako askoren ustez «kontraesan handia» da Gipuzkoan gehien birziklatzen duen herria izatea kaltetuenetako bat.
Enrike Letona
Debagoiena eredu. Zabortegirik ez plataformako kideak berriz, beraien eskualdeko esperientziaz hitz egin zuen. Alderdien eta bilketa sistemen borrokan sartu gabe, «helburua birziklatzea» dela azaldu zuen. «Debagoienan %80ra iristea lortu bada, epe oso laburrean, Gipuzkoa osoan ere egin liteke. Horrek asko gutxituko luke arazoa; baina galdera da: zergatik ez da egiten?».
OHARRA: Informazio zabalagoa bihar, Goierriko Hitzaren papeleko edizioan.