Amador Kosmikorentzako gutun irekia
Arantxa Gonzalez San Vicente (Zumarragako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia)
Aurreko urriaren 18an Zumarragan –ez dut gogoan Zelai Arizti zinemako butaketan, hirugarren edo laugarren ilaran nengoen eserita– zuri begira egon nintzen. Egia da, eta zintzo jokatuko dut zurekin, nire errespetua irabazi baituzu. Bitxia bada ere, inork ere ez du irabazi –eta inork ere ez esaten dudanean inork ere ez esan nahi dut– nire errespetua zuk bezala hirurogeita hamar minutuan. Baina tira, goazen harira. Aurkezpenak egitearekin batera, zeharo erotuta zeundela iruditu zitzaidan, eta beldurra ere eman zenidan, edo agian auzo-lotsa ere bai (zeure itxura, begi-zulo horiekin, eta, ilea, berriz, orraztuta beharrean behiren batek miaztu zizula zirudien). Ia-ia aulkitik jaiki eta joan nintzen arropa kentzen hasi zinenean; ai ama, baina nor da burutik egindako hau!
Baina ez dakit zein momentutan, zerbait bitxia gertatu zen, eta begirada galdu hark nirearekin egin zuen topo. Kosmiko-k bere istorioa kontatu zuen, eta ni kontakizun horretan interesa izaten hasi nintzen.
Une horretan nire beldurra desagertu egin zen, auzo-lotsa edukitzeari utzi nion, eta nire masailetatik behera malkoak isuri ziren; baina ez nahastu, ez ziren tristeziaren edo penaren malkoak, eskertza-malkoak baizik.
Amadorrek, ezizenez Kosmiko zenak, errealitatearekin aurrez aurre jarri ninduen, zeren eguneroko koldarkeriengatik, askotan errazago egiten zaigu ez begiratzea ez ikusteko, ez arreta jartzea ez inplikatzeko, eta norbaitek gure lana egiten badu, hobeto gainera; hartara, lan bat gutxiago guretzat.
Eskerrik asko Kosmiko auzo-lotsa sentitzeari utzi baitiot ni neroni lotsatzeko, baina oraindik badugu denbora, estigmaren kontrako gure borroka etengabeari eusteko: duintasuna lortzeko, normalizatzeko eta elkartasuna, enpatia, errespetua… bezalako baloreak indartzeko.
Hainbeste dago egiteko, eta ez dago dena ekonomiaren esku, baina bai, ordea, neurri handi batean, gu denon ahaleginaren esku: familientzako elkarteak, profesionalak, politikariak, gizartea, herritarrak…
Bihotzez eskertu nahi dut Sardo Irisarrik, Juan Sanchez Vallejok, Patxi Gallok, Jesus Mª Kerejetak, Ana Etxeberriak eta Kontxi Ugartek Amador Kosmiko ezagutu dezagun egin duten ahalegina.
Eta zuri, Kosmiko, nire maiteari, gero arte eta egun ona izan dezazula.