Antolatu eta borrokatu etxebizitzaren alde

Irailak, ikasturtearen eta lan-errutinaren hasierarekin batera, etxebizitzaren arazoa lehen lerrora ekarri du. 87 urterekin eta Retiroko etxean 71 urtez bizi ondoren, inbertsio funtseko enpresa baten negozio goseak zuzendurik etxegabetua izan da Mari Carmen. Guztia noski, poliziaren, epaileen eta instituzioen laguntzarekin. Inbertsio funtsek negozioa egiten dute eta estatuak enpresari handien interesen ordezkari on gisa, haien aginduak exekutatzen ditu.
Baina hau ez da kurtso hasierak utzi digun kasu bakarra. Hain zuzen ere, Olgaren kasuak etxegabetzeen ondorio gordinena erakusten du: L’Hospitaleteko 54 urteko emakumeak bere buruaz beste egin zuen irailaren 7an, etxegabetua izan ondoren eta noski, Euskal Herrian ere ez gaude honetatik salbu: Donostian, irailaren 21ean, Herrera auzoan desokupazio-enpresa faxista bat familia bat kaleratzen saiatu zen. Sarbide-kontrola ezarri nahi izan zuten, baina erantzun antolatuari esker ez zuten familia etxegabetzea lortu eta faxistek esku hutsik alde egin behar izan zuten.
Eta zer diote alderdi politikoek? Elektoralismo hutsa. Hauteskunde aurreko zirkuak abiadura bizia hartu duen momentuan, PSOE etxebizitzaren auziaren erantzukizuna eskuinaren eta ultraeskuinaren bizkarrean jartzen ari da pasa den udaberrian onetsi ez zen dekretua medio. Arazo soziala dekretu golpez ebatziko balitz bezala. Etxebizitzarena erroko arazoa da eta honek merkatuaren mesedetan jarraitu bitartean, neurri partzialek ez dute irtenbiderik ekarriko.
Egoera jasangaitza da eta baditu erantzuleak: ezker zein eskuineko politikariak, enpresariak, epaileak zein polizia. Bien bitartean hau guztia langileok sufritzen dugu, eta beraz, langileon interesak ordezkatuko dituen indar handi bat antolatzea dagokigu. Goierriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik norabide horretan jarraituko dugu lanean eta horretarako tresna bat izango dira irailean berriro martxan jarri ditugun aholkularitzak. Langileok etxebizitzaren arloan ditugun eskubideak ezagutarazi, arazo honen erantzuleak seinalatu eta kale mailan klase elkartasuna antolatzen jarraituko dugu. Sindikatuan antolatu nahi baduzu, edo etxebizitzarekin arazoak badituzu, jarri harremanetan sindikatuarekin eta egin diezaiegun aurre elkarrekin.
Kontaktua: esindikatua.goierri@gmail.com // mugikorra: 613 90 82 63













