Antzuolan bizi den legazpiarra
Gotzon Madina Bidegain (Legazpiarra).
Badira bi urte baino gehiago Antzuolan (Gipuzkoa) atez atekoaren lehenengo hotsak entzuten hasi ginela. Bilera informatibo asko egin ziren jendeari sistemaren gorabeherak aurkezteko. Ni ez nintzen bileretara joan. Oso lanpetuta nenbilen garai hartan, eta, zergatik ez esan, hasiera batean apatiko xamar harrapatu ninduen kontu honek. Ni bezala, herriko jende asko zegoela igarri nuen. Beste asko oso haserre zeuden udalarekin, batez ere inposatutako aldaketa bat zela, arazo asko ekarriko zituela… esaten zuten.
Poliki-poliki, herrian zintzilikarioak jartzen joan ziren, organikoen kuboak banatu zituen udalak, kaleko zaborrontziak koloretan jarri zituzten, egutegiak banatu… dena prest zegoen. Guk etxean ez genuen prestaketa berezirik egin. Pentsatu genuen iritsitakoan jarriko genuela asuntoa martxan.
Eta iritsi zen eguna. Eta hasi ginen, igandean organikoa, astelehenean ontzi arinak, asteartean papera, asteazkenean organikoa, ostegunean ontzi arinak, ostiralean organikoa… eta larunbata iristean hura sorpresa: errefusaren egunean poltsa txiki bat besterik ez genuela ateratzeko konturatu ginen. Eta hurrengo astean berriro ere berdin. Gure etxean sortzen genituen hondakin guztien % 10 bakarrik zen birzikla ezina. Horrek gure hasierako gogo eza gainditzen lagundu zigun. Poliki-poliki, etxeko ontziak egokitu genituen sailkapena errazteko: sukalde barruko armairuan ontzi arinak eta errefusa jarri genituen, eta balkoian papera, organikoa, beira eta umearen fardelak.
Paperaren sailkapena errazteko udalak edukiontzi urdinak banatu zituen atarietan. Bizilagunak antolatu egin ginen, hilabete bakoitzean familia batek hartzeko edukiontzia ateratzeko ardura…
Asteak joan eta asteak etorri, lan hori ohitura bihurtu genuen. Gaur egun nire etxean ezinezkoa da pentsatzea lehengo sistemara bueltatzea.
Antzuolan ohitzen joan ginenean, sistemaren aurkako ahotsak baretzen joan ziren baita ere. Ez dut esan nahi jende guztia alde dagoenik, baina gutxienez aurka zegoen jende asko, etsipenez bada ere, ohiturak barneratu ditu, eta besteok bezala sailkatzen ditu hondakinak.
Hilabete batzuetan ez genuen lagun artean gehiago hitz egin asuntoari buruz. Iazko Gabonak arte. Egunero Bergaratik pasatzen naiz. Halako egun batean, non ikusten ditudan Bergarako ia balkoi guztiak zabor poltsez beteta. Galdetu nuen zergatik zen: atez atekoren aurkako protesta omen zen. Lehenengoz oso protesta originala iruditu zitzaidan. Ikusgarria eta esanguratsua. Bestalde, guk ia hain erraz egiten genuen lan haren aurka horrenbeste jende egoteak flipatuta utzi ninduen. Kanpotik zaila zaigu Bergara, Legazpi eta beste zenbait herritan gertatu dena ulertzea. Ez naiz ni borroka horretan sartuko. Dena den, denok argi eduki behar genukeena da arazoa ez dela atez atekoa edo 5. edukiontzia, zaborra bera baizik.
Bukatzeko, ideia batzuk adierazi nahi nituzke, jendearen hausnarketarako:
1- Antzuolan ezarri den bezala, atez ateko sistemak gure bizitza aldatu gabe lortu du antzuolarren hondakinen % 20 bakarrik izatea errefusa. Bakarrik datu horregatik pentsatzen dut errespetu osoa merezi duela.
2- Nire jarrera ez da metodo konkretu baten aldekoa, baina bai sailkapenaren aldekoa. Metodoa emaitzen arabera erabaki beharko litzateke.
3- Birziklapena, nire ustez, ez da aukera bat, behar beharrezko gauza bat baizik. Errepidean abiadura limiteak errespetatu behar diren bezalaxe.
4- Ondo sailkatzen duenarentzat, etxean egin beharrekoa berdin-berdina da bi metodoekin. Eta zaborrak ateratzerakoan ere ordutegi bat errespetatu behar da. Alde horretatik bi metodoak antzerakoak dira.
5- Esaten dute usain txarra ematen duela atez ateko sistemak. Nik ez dut igarri ez Antzuolan ez etxean usain txarrik. Eta hori egiaztatu nahi duena, etor dadila Antzuolara. Ez dago ez usain txarrik, ez arratoirik kalean…
6- Estetika: gaueko 10etatik goizeko 8ak arte zatarragoa izan daiteke, baina 08:00etatik aurrera atez atekoa askoz ere txukunagoa da.
7- Sailkatzen ez duenarentzat edo gutxi sailkatzen duenarentzat, askoz hobea da 5. edukiontzia, dudarik gabe. Dena edukiontzi berdera bota eta eguneko lanak amaituta!
Antzuolatik animo asko zaborren sailkapen-sistema berriak erabiltzen hasi behar duzuen guztiei, eta aukeratzen duzuen sistema aukeratzen duzuela, sailkatu asko eta ondo, eta erakutsi umeei ohitura berriak. Animo!!