Aralar osoaren aldeko akordioa
Aralar Natur Parkeko goi-larreen kudeaketa hamabost herriz osatutako Enirio-Aralar mankomunitatearen ardura da. Aralar Natur Parkeko natur ondarearen zaintza, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio. Horren ondorio da, beraz, bi erakunde hauek aurtengorako egin berri duten akordioa. Jakinik epe luzerako akordioa negoziatzen ari direla, oinarrian aldaketak egin behar direla uste dugu, puntu hauetaz:
– Hasieratik, eragile ezberdinekin elkarrizketa eta negoziazioa bultzatu behar dira; ez bakarrik ganaduzale eta artzainekin, baita kontserbazionista, ekologista eta mendiaren zaintza beste modu batera ulertzen duten eragileekin ere, beti ere, mendia ardatz hartuta.
– Azken urteetan egin diren egitamu plan eta azterketak, guztiz baliagarriak dira Aralarren kudeaketa orekatu bat egiteko. Izan ere, plan eta asmo berriak dauden bitartean, Aralarko egoera geroz eta okerragoa da, erabilerari dagokionez. Ganadu kargan, gero eta ardi gutxiago, baina gero eta behi eta behor gehiago. Azterketen arabera, mendiak jasan dezakeena baina gehiago. Trafikoaren erabateko kontrol falta. Pistaz kanpo dabiltzan autoak. Kontrolik gabeko desbrozeak, fauna eta flora basatiaz azterketa falta…
-Azterketak, egitasmoak eta edonolako lanketak egiteko unean erakunde anitzen (EHU, Aranzadi…) eskuhartzea bultzatu behar da, betoak jarri gabe, eta ikuspegi zientifikoa lehenetsiz, ondare naturalaren zainketa, hobekuntza eta berreskurapena oinarri hartuta, eta ez soilik lehen sektoreak izan ditzakeen beharrak kontuan hartuta.
-Desbrozeak egitean esate baterako, indarrean dagoen Natur Baliabideen Antolamendu planak jasotzen duen zonifikazioa, (baso, sastrakadi, harkaizti, larre eremuak…izendapen eta arau desberdinekin), errespetatu behar da, batez ere, ura eta lurzorua babesteko egin baitzen zonifikazio hori. Eta ahal den neurrian, ganaduaren mugitze kontrolatuarekin zaindu larre eremuak.
– Basoaren garapenerako, plan zehatzak egin behar dira, diru partida zehatzekin, eta landaketak egingo diren eremuak beldurrik gabe erabakita. Lurzorua galtzeko arrisku handiko eremuez gain, paisaia mistoa ere indartu beharko litzateke, larre eta baso elkarren osagarri bihurtuz; horrek lurzoruaren egoera hobetuko luke, eta ganaduarentzat ere babesleku eta itzala emango luke.
– Ezinbestekoa izango da, baita ere, basozainen lana indartzea eta berauek ahalduntzea. Aralar Natur Parkea izateak, natur baliabideen eta flora eta fauna basatiaren zaintza bermatu behar du. Beraz, erabilera eta ekintza egokiak egiten direla kontrolatu behar dute.
Ezin lerro hauek bukatu, gogoratu gabe, AHTa ez-eraginkorra, bidegabea eta jasanezina dela eta Foru Aldundiak Aralarko bidea bultzatzea, Aralar Natur Parkearen izaera osoaren aurkakoa.