Arpa jotzen
Herritarrak herriko erabaki garrantzitsuetan partaidea izatea da helburua», «erabakitzeko unea», «herritarrei hitza emanda»… Lazkaoko alkateak gure etxera helarazi dituen esaldi batzuk dira, erabaki bat hartzeko eskatuz. Erabakia lazkaotar guztioi zalantzarik gabe loa kentzen digun arazo bati aurre egiteko: saihesbidea nola gurutzatu? Eta zortzi aukera ematen dizkigu, zortzi, gainetik edo azpitik gurutzatu nahi dugun erabakitzeko. To potolo.
Hamaiketakoa trabatu zaigu eztarrian, halakoa izanda ezustekoa. Libratu eta gero, galderak pilatzen zaizkigu. Zer da erabaki garrantzitsu bat? Eta, batez ere, nork eta zergatik erabakitzen du zer den ala ez erabaki garrantzitsu bat? Garrantzitsuagoa al da gehiengo batek urtean behin edo beste gurutzatuko dugun saihesbidea nola gurutzatu nahi dugun esatea, egunero denok ateratzen dugun zaborra nola kudeatu nahi dugun aukeratzea baino? Alkateak erabaki behar al du zertaz bai edo zertaz ez dugun iritzia ematerik? Zergatik da hau zerbait erabakitzeko momentua eta zergatik ez zen duela urte eta erdi? Guk hartu behar al dugu gehiengo baten egunerokoan eraginik izango ez duen erabaki estetiko bat? Zer demontre da hau?
Badago gehiago. «Parte-hartze» prozesua 15 urtetik gorakoentzat da (abenduaren 31n 16 betetzen badituzu, 15ekin bozka dezakezu) eta bozka gehien jasotzen dituen aukerak egingo du aurrera. Ados. Konforme. Baina gure egunerokoan eragin zuzena duen eskaera bat 1.764 lazkaotarrek egiteak ez du balio. 1.764 sinadura jaso ziren, 18 urtetik gorakoei mugatuta, atez ateko sistemari ez esateko.
Argi dago arpa jotzen ari zaizkigula: ez gara gai guretzat zer den garrantzitsua ala ez erabakitzeko; ezin dugu aukeratu erabakitzeko unea noiz den ala ez eta ezin dugu parte-hartze prozesu bat martxan jarri. Ba hau da une honetan gure sentimendua: duela gutxi gure lurraldetik gertu erabaki bat hartu zuten bi milioi pertsonen parekoa, ikusita gobernatzen duen europar gobernu batek bi milioi iritzi horiekin zer egin duen.
Dena dela, albiste on bat bada: pasabidea ‘gainetik’ edo ‘azpitik’ erabakita, arrapala, igogailua edo halakorik ez aukeratuta, hona edo harago jarri eta gero, lasaiago egingo dugu lo lazkaotar guztiok. Eskerrik! Hori bai, oheratu baino lehen ez ahaztu egunean eguneko baldea ateratzea. Tokatzen dena, ez bestea, kontuz, guk ez badugu aukeratu ere.
–Agurtzane Lasa eta Amagoia Naldaiz (atez atekoaren kontrako plataformaren izenean). Lazkao.