Komunikabideetan apenas irakurtzen dugula irakurtzen ari garen garai hauetan, Euskaraldia indartze aldera, aurrekaririk gabeko ekimen partehartzailea herriratu dugu Beasainen. Irakur-tertuliak bezain euskarri eraginkor gutxi ditugula jakitun, Uxue Alb...
Komunikabideetan ikasleek eta, oro har, herritarrek apenas irakurtzen dutela irakurtzen ari garen garai hauetan, Euskaraldia indartze aldera, euskara eta irakurketa uztartuz, aurrekaririk gabeko ekimen partehartzaile eta koloretsua herriratu dugu Beasainen. Aho-belarrien prestutasun eta bizitasunetik harago, eta irakur-tertuliak bezain euskarri eta bitarteko eraginkor gutxi ditugula jakitun, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eta Jordi Sierra i Fabrak idatzi eta Juan Kruz Igerabidek itzulitako Kafka eta panpina bidaiaria liburuak jarri dizkiegu herritarrei eskura. Eta hilabete eta erdi honetan asko dira liburu bat zein bestea irakurriz, ikaragarri gozatu dutela helarazi digutenak; asko euskaraz irakurtzeko ohiturarik izan ez, eta liburuen hautua txalotu eta eskertzera hurbildu zaizkigunak; ez gutxi institutu garaitik libururik irakurri gabeak izan arren, istorioek atximur egin dietenak. Izan ere, esparru eta eremu ezberdinetako 213 herritar baino gehiago gara ekimenarekin bat egin eta irakurketan murgildu garenak: ikastetxeak, euskaltegiak, auzoak, lantegiak, kirolariak, musikariak, sortzaileak, irakur taldeak, emakume taldeak, mintzalagunak, Gure Esku Dago, zinegotziak, udal langileak, herriko hiru euskal presoak, guraso, mendizale nahiz kultur elkarteak, komertzioak, Eliza… Gure ekimenak, adin ezberdinetako herritarrak ez ezik, herrian zeharreko txoko ezberdinak euskaratik eta euskaraz saretzeaz gain, liburuen bitartez herriari eta herritarrei hausnarketarako, euskaraz irakurri eta gozatzeko, iritzi kritikoa garatzeko, irakurriak gainerako irakurleekin partekatzeko, nork bere hizkuntza maila aberasteko, elkar entzun eta ezagutzeko eta herria eta hizkuntza modu iraunkor eta aktiboan bizitzeko aukerak ahalbidetzea baitu helburu. Eta abenduaren 1eko irakur-tertuliarako bi aste pasatxo falta diren honetan, ederra da herrian eta herritarren artean sortu den mugimendua eta partehartzea bertatik bertara sentitzea, liburua irakurri dugunak 213 lagun baikara dagoeneko, eta 95 herritar baino gehiago, ekimena borobilduz, abenduaren 1ean tertulietarako egokituko ditugun herriko gune eta txoko ezberdinetan parte hartzeko izena eman dugunak. Azpimarratzekoa da halaber, goian aipatutako 213 irakuleez gain, ekimenarekin bat eginez, Beasaingo institutuko batxilergoko 2. mailako ikasleek bigarren ebaluazioan Jenisjoplin liburua landuko dutela, eta Goierriko zenbait ikastetxetan badirela Kakfka eta panpina bidaiaria liburua irakurri eta beren lehen hezkuntzako ikasleei zatika eta ahoz kontatzen ari diren irakasleak ere.
Abenduaren 1ean, 16:30ean, Arriarandik hasi eta Ezkiaga auzoraino, herri osoa 11 gunetan banatu, eta irakurritako liburuaren arabera, 11 laguneko taldetan elkartuko gara aurreko asteetan irakurritakoak elkarrekin partekatzeko. Tartean bada kariño eta ilusio bereziz Kafka eta panpina bidaiaria liburua irakurri duten guraso eta seme-alabentzat mimo eta maitasun bereziz TTIKLIK elkargunean egokitu dugun txoko bat ere. Ordubete geroago, nor bete gunetik Igartza Jauregira hurbildu eta 18:00etan, Uxue Alberdi eta Juan Kruz Igerabide bertan direla, hasiera emango diogu kantu, bertso eta poemaz aberastutako tertulia-festa bateratuari. Arratsalde bete eta betegarria, azken bi hilabetean zeharreko bidean eta datozenetakoan mugarri izan nahi duena.
Bejondeizuela ekimenarekin bat egin eta euskarari eta herriari modu aktiboan zuen ekarpena egiten ari zareten guztioi. Segi irakurriz urrezko orriak idazten, eta ari zareten bezala, hartu parte Euskaraldirako antolatu ditugun hitzaldi, mahai-inguru, bakarrizketa, jaialdi eta gainerako ekintzetan ere, Euskarak eta herriak horrela nahi, behar eta maite baitzaituzte, beti prest eta bizi.
Egunetik egunera goraka doa irakurle eta tertulietarako izena ematen ari direnen kopurua. Oraindik izenik eman ez, eta ekimenean parte hartu nahi duzuenok ere garaiz zabiltzate. Eskuratu liburutegian liburua eta idatzi beasainhe@gmail.com helbidera zein liburu irakurtzen ari zareten zehazteko.
Beasainen gaur 213 irakurle gara, bihar…